Donostiako Udalak hogei lanpostu publiko berri onartu ditu
Donostiako Udaletxea. Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak hogei plaza publiko berri eskaintzeko bederatzi deialdiren oinarri arautzaileak onartu zituen, joan den asteartean. Udalak laster jarriko ditu martxan bederatzi hautaketa prozesu horiek.
Lan Eskaintza Publiko horren helburu nagusia zerbitzu publikoaren egonkortasunean beste urrats bat ematea da. Udalaren arabera, horri esker donostiarrei arreta hobea eskaini ahal izango zaie eremu garrantzitsuetan, hala nola hezkuntzan, ingurumenean edota gizarte gaietan.
Guztira eskainiko dituzten hogei plazak honela banatuko dira: komunikazioetako operadorea (lau plaza), industriako ingeniari teknikoa (hiru plaza), eskola atezaina (hiru plaza), Gizarte Hezkuntzako erdi mailako teknikaria (bi plaza), Gizarte Sustapen eta Hezkuntzako erdi mailako teknikaria (bi plaza); mugikortasunean espezializatutako erdi mailako teknikaria (bi plaza), zaintzailea Abegi Etxean (bi plaza), Osasun eta Ingurumen teknikaria (plaza bat) eta Hiri Mantentze eta Zerbitzuetan espezializatutako erdi mailako teknikaria (plaza bat).
Oinarriak onartu ondoren, hurrengo urratsa Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratzea izango da. Argitalpen hori egiten denean irekiko da eskabideak aurkezteko epea.
Hala, hautaketa prozesu bakoitzari buruzko informazio eguneratu guztia udalaren webguneko Enplegua atalean kontsultatu ahal izango da; bertan argitaratuko dira deialdien oinarri arautzaileak, eskabideak aurkezteko epeak eta prozesu bakoitzaren hurrengo berrikuntzak.

