Lokal Marketek hemeretzi emakume sortzaileren lanak bilduko ditu, Londres Hotelean
Lokal Artek aurrez egindako jarduera baten aurkezpeneko irudiaLokal Arte Lokal Arte Gipuzkoako sortzaileen elkarteak Bertako Sortzaileen Merkatuaren —Lokal Market— edizio berri bat antolatu du Londres Hotelean. Bertan sortu eta ekoitzitako sormenaren aldeko apustua eginez, azoka hilaren 19an (igandea) eta 20an (astelehena) egingo dute, Kontxako badiaren parean.
Ekimen horretan, hemeretzi emakume sortzailek hartuko dute parte eta haien lanak zuzenean aurkeztuko dituzte. Hainbat diziplinatako sorkuntzak biltzen ditu azokak: bitxigintza, moda, ilustrazioa, zeramika eta dekorazioa, besteak beste. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ez da salmenta gune soil bat, baizik eta bisitariek piezen atzean dauden sortzaileak, beren istorioak eta sormen prozesuak bertatik bertara ezagutzeko topagunea ere izango da.
Azokan erakusgai egongo diren produktu guztiak sortzaileek berek diseinatu eta ekoitzitakoak dira. Horren bidez, hurbileko sorkuntza, kalitatea, tokiko diseinua eta artisautza balioan jarri nahi dituzte, merkatuaren bidez. Era berean, herritarrak kontsumo kontzienteago baten alde egitera gonbidatu nahi dituzte, erosketa bakoitzaren atzean dagoen pertsona eta tokiko ekonomia babestuz.

