Aberatsek ere badakite negarraz
'Las corrientes' filma. Film: Las Corrientes.
Zuzendaria: Milagros Mumenthaler.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Argentina-Suitza.
Zauri, min eta gatazka intimo eta pertsonalen segida izan zen 73. Donostia Zinemaldiko Sail Ofiziala, eta serie horren aleetako bat da publikoa astindu zuen Las Corrientes, bere barne korronteetan harrapatuta dagoen emakumearen inguruko drama psikologiko eta existentziala, identitatearen, amatasunaren eta osasun mentalaren inguruko gogoeta intimoa egiten duena.
Lina, 34 urteko estilista argentinarra, Suitzan dago, bere karreraren gailurra suposatu duen sari banaketa ekitaldia dela eta. Ordea, arrakastaren aparretan igeri egin baino, bertan itoko da —bere buruaz beste egin nahi du?—. Etxera, Buenos Aires hirira, iritsitakoan, ez du ezer esango, baina zerbait aldatu da jada: isilik eta ikusezin, ustez, atzean utzita zeukan iragana eroriko zaio gainera. Ez dakigu zer gertatzen zaion, eta filmak irauten duen tarte luze horretan ere ez dugu deskubrituko.
Trama oniriko eta ia hautemanezin baten bidez, depresioaren, ezinegonaren –eta nahasmendu obsesibo-konpultsiboen?– agerpen isilean oinarrituriko istorioa ondu du Milagros Mumenthaler errealizadore argentinarrak bere hirugarren film luzea –Abrir puertas y ventanas eta La idea de un lago izan ziren aurrekoak– den honetan, betiere –eta komeni da hau ez ahaztea–, ingurune pribilegiatu baten testuinguruan.
Gustu estetiko fina eta Isabel Aime Gonzalez Sola protagonistaren interpretazio hipnotikoa dira nabarmenduko nituzkeen bi alderdiak, filmaren kriptikotasunak ez baitit gehiagorako eman. Izan ere, ihes baten modukoa da kontakizuna, tarteka, bere ardatz nagusitik aldendu eta protagonistaren buruan dauden —egiaz, existitzen ez diren— bideak hartzen dituena. Hau da, istorioak ez du gertakaria modu linealean azaltzen; protagonistaren barne egoera eta iraganeko zauriek eguneroko bizitza nola desegiten duten erakustera mugatzen da. Soilik horrela, ordena baztertuta, lor baitezake barne desorekaren esperientzia transmititzea.
Eta, horretan, sinbolo nagusi gisa funtzionatzen du urak: aldi berean bizitza, heriotza, memoria eta aldaketaren irudia da. Mumenthalerrek isiltasunak, keinu txikiak eta irudi poetikoak erabiltzen ditu protagonistaren nahasmena adierazteko, azalpen psikologiko zuzenak eman beharrean.
Ezer ez baita dirudiena, eta, protagonistaren nortasun konplexu horren dantzan, badira beste elementu batzuk, beste mundu, beste kale, beste bizitza batzuk, bere mina ezaugarrituko dutenak. Aberatsek ere badakite zauriez eta negarraz.

