«Gazta on bat aukeratzeko, aurreiritziak etxean utzi behar dira»
Duela hamaika urte ireki zituen ateak Elkano kaleko gazta dendak. Ramon Lizeagaren proiektua zen hasieran, baina, gaur egun, Iker Izetak eta Maite Rosok dute gidaritza. Dendaz gain, Aian duten gaztandegian ere ekoizten dituzte gaztak, eta inguruko artisau txikiekin sare egonkorra osatu dute urteotan. Gainera, datozen hilabeteetan, jauzi handia emango du proiektuak.
Elkano gazta dendako arduradunak. Ezkerretik eskuinera, Cecilia Garmendia, Maite Roso, Iker Izeta eta Gabriele Gurrutxaga.Garazi Etxaniz Idarreta Non: Elkano Kalea, 1, 20004 Donostia.
Telefonoa: 640-89 83 64.
Webgunea: Elkano1.com.
Nola sortu zen proiektua?
Iker Izeta (I.I.): Elkano 1 Gaztagunea 2015ean ireki zuen Ramon Lizeagak. Ni 2017an hasi nintzen lanean, gazta munduarekin zerikusirik izan gabe. Hilabete gutxira, Ramon hil egin zen, 43 urte baino ez zituela. Hasieran, proiektuarekin jarraitu genuen hiru bazkidek, eta, urtebete geroago, Ramonek Aian eraiki zuen gaztandegia ere hartu genuen, berak ekoitzitako gaztei jarraipena emateko. Pandemiaren garaian, beste bi bazkideek proiektua utzi zuten, eta orduan batu zen Maite proiektura.
Maite Roso (M.R.): Nik ordurako banituen harremanak gastronomiaren eta ekoizleen munduan, baina gaztagintzan ez. Baina Ramonek bere lanarekiko pasio ikaragarria zuen, eta, azkenean, bere munduak harrapatu egin gintuen. Horregatik jarraitzen dugu hemen.
I.I.: Bai. Ramon berezia zen, berritzailea zelako. Garai hartan, ia denek Idiazabal klasikoa egiten zuten. Bera, ordea, ardi esnearekin Brie edo Camembert estiloko gaztak egiten hasi zen, baita gazta urdina ere. Ezagutza handia zuen, eta Euskadin ardi latxarekin gazta urdina egiten lehenengoetakoa izan zen.
Pandemia mugarri izan zen zuentzat.
M.R.: Janari denda izanik, zabalik eduki genuen saltokia, etxez etxeko banaketa egiten hasi ginen, baita sare sozialei kasu gehiago egiten ere. Jende askok orduan ezagutu gintuen.
Gaztak saltzeaz gain, ekoitzi ere egiten dituzue.
I.I.: Dendariak gara, baina baita ekoizleak ere. Aian egiten ditugu gure gaztak, eta horrek ikuspegi aberasgarria ematen digu. Inguruko ekoizle txikiekin harreman estua dugu; haiekin egoten gara, haien lana ezagutzen dugu eta, gero, hori transmititzen saiatzen gara.
Nolakoa da Elkano 1en ohiko bezeroa?
M.R.: Gure oinarria bertako jendea da; asko dira astero-astero datozenak. Turistak ere sartzen dira, baina, askotan, kuxkuxeroagoak dira erosleak baino, gazta ez delako bidaiatzeko produkturik erosoena. Hala ere, bertako bezeroekin sortzen den harremana da politena.
Gazta on bat aukeratzeko aholkurik?
I.I.: Aurreiritziak etxean uztea. Jende askok uste du badakiela zer gustatzen zaion, baina gaztaren mundua oso zabala da. Guk beti esaten dugu: probatu, kontatu zer gustatzen zaizun, eta hortik abiatuko gara.
Eta hemendik aurrera, zein asmo du Elkano 1ek?
M.R.: Garrantzitsuena kontatzea ahaztu zaigu: Grosen lokal berri bat irekitzeko lanean ari gara. Elkano kaleko dendak bere horretan jarraituko du, baina espazio berria handiagoa izango da, dastaketak eta bestelako ekitaldiak egiteko. Pauso handia izango da, baina betiko filosofiari eutsita.



