Xirula Mirula itxi eta agurrik ez, Joxean; gero arte, akaso
Xirula Mirula musika eskolaren inguruan galdetzean, «metodologia gure aitak sortu zuen», azaldu du Joxean Urbietak. Sodaduska egin ondoren hasi zen aita laguntzen eta erretiroa hartu duen arte egon da bertan lanean.
Joxean Urbieta.Maddi Viana Soldaduska amaitu zuenean hasi zen Joxean Urbieta (Zarautz, 1961) Xirula Mirulan lanean. 42 urte beranduago, erretiroa hartu du irakasleak, musika eskolari agur esanez. Erretiratu berri den irakasleak goxotasunez oroitzen ditu aitarekin (Imanol Urbieta) eta musika eskolan bizitakoak.
Ekainaren 19an omenaldia egin zioetenetik hilabete pasatu dela, Urbietak onartu du hitz egiteko eskatu ziotenean ez zuela halakorik egiteko asmorik, ezta txisterik kontatzekorik ere. Klase amaieretan txisteak edo hitz jokoak kontatzeko ohitura izan duela azaldu du Urbietak, ikasleek gauzak jaso eta irten arteko denbora arinagoa egiteko.
Erretiratzea orain dela urtebete luze erabaki zuela azpimarratu du irakasleak, emaztea ere aurreko urtean jubilatu zela eta, inbidiaz kasik, berak ere lana egiteari uztea erabaki zuen. Eta hala adierazi zien guraso eta ikasleei aurreko urteko Gabonetan: aurtego ikasturtearen amaieran, Xirula Mirulak bere ateak itxiko ditu, behin betiko. Bertan beste musika eskolarik egotea ere ez duela nahi gaineratu du Urbietak, balitekeelako haien metodologia erabiltzea; inork ez du berdin egingo, ordea.
Xirula Mirulan erabilitako metodologia desberdina dela nabarmendu du Urbietak. Bere aitak metodologia klasikoarekin ikasi zuela azaldu du, eta haren eskolan halakorik nahi ez zuela. Horregatik sortu zuen Imanolek umeen beharrei so eginez sortutako metodologia. Hala ere, Joxeanek berak ere metodologia klasikoarekin ikasi zuen, eta oroitzen da, nola astearte edo asteazkena iristean, pentsatzen zuen «ufa, gaur musika daukagu».
Haren ikasleak ordea, pozarren iristen ziren, klasera joateko inolako traumarik ez zutela aipatu du Urbietak. Inoiz ikasle ohirik kaletik ikusi duenean, gitarra jotzen edo abesten jarraitzen dutela esan diote batzuek. Eta nahiz eta beste batzuek ez duten musikaren ildotik jarraitu, beti irribarretsu esaten diote kaixo irakasle ohiari. Joxeanek beti argi izan du: «Gure helburua ez zen [musika eskolatik] beste Paco de Lucia bat ateratzea, horretarako ikasten jarraitu behar da, ni neu ere oraindik ikasten ari naiz».
«Hasi nintzenean, gurasoak ni baino zaharragoak ziren, ondoren nire adinekoak, eta orain denak ni baino gazteagoak dira»
Noizbait erretiratu beharra
Erretiroa hartu behar zuela eta Xirula Mirula itxiko zutela jakitean, jende asko gerturatu zitzaiola aitortu du Urbietak. Seme-alabak edo bilobak datorren kurtsoan apuntatu nahi zituztenak ere gerturatu zirela adierazi du, eta gaineratu du asko izan direla azken hilabeteotan galdezka aritu direnak: «Seguru al zaude?», «ondo pentsatu al duzu?». Baiezkoa eman die guztiei, seguru dagoela eta ondo pentsatu duela. Baten batek ere esan omen zion hausnartzea jakintsuena dela, baina ez, Urbietak argi du erretiratzeko garaia iritsi zaiola.
Sasoiez ondo dagoela argudiatu du, eta beste urte batez gustura egingo lukeela lan. Gustuko lana du, muga nonbait jarri behar da, ordea. Pausu bat atzera eginez, Urbietak irribarrez aipatu du bera musika eskolan irakasle hasi zenean, gurasoak zaharragoak zirela. Ondoren bere adinekoak ziren, eta, orain, denak bera baino gazteagoak dira.
Omenaldiarekin hunkituta
Musikariak nabarmendu duenez, aukera eman izan baliote, omenaldirik ez egiteko esango zuen. Batzuetan, horrelako omenaldiek betirako agurra diruditela. Bere emazte Marixolek aukerarik eman ez, ordea, ezta auzoak ere. Bere familia, ikasleak, ikasle ohiak eta auzokideak elkartu ziren, azken klasea amaitu ostean, Urbietari agur bero bat emateko. Marixolek azaldu duenez, egunak pasatu zituzten dena prestatzen, hala ere, denek zeukaten zerbait berezia egin beharraren ideia buruan.
Urbieta azkeneko klasea amaitzen ari zela, kanpoan bosgarren mailakoen gurasoak zeuden, eta beste denak ezkutatuta zeuden. Joxeanek beste egun normal bat zela pentsatzea nahi zutela aipatu du bere emazteak. Ikasleak irtetzerakoan hartu zuen sorpresa Urbietak. Ikasle eta ikasle ohiek aurreskua dantzatu zioten, semeak eta lagunek abestia jotzen zuten bitartean. Ondoren abestu ere egin zioten Urbietari, artean bera jendearen aurpegiak errekonozitzen ari zela esan du Urbietak. Aurpegi ezagunak, Egiako lagunak, ikasleak, gurasoak… Zarauzko Arrai Zopa kantu taldekoak ere gerturatu ziren. «Hunkituta nengoen», aitortu du irakasleak, eta omenalidaren ondoren denei banan-banan eskerrak ematen egon zela adierazi du.
Dena dela, musikaren munduan jarraituko duela adierazi du Urbietak. Bai Donostiako kantu jiretan, bai Zarauzko Arrai Zopa taldearekin, abesten eta gitarra jotzen jarraituko duela argi du erretiratu berri den irakasleak. Beraz, agurrik ez, Joxean; gero arte, akaso.


