Bultzadak mobilizazioa deitu du euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko
Bultzada Txuri Urdinaren tifo bat, Anoeta futbol zelaian.Bultzada Bultzada taldeak manifestazioa deitu du gaurko, hilak 19, “Euskal Herriarentzako autodeterminazioa” eta “kirolean lehiatzeko ofizialtasuna” aldarrikatzeko. Protestaren eragile nagusia gaur bertan jokatuko den gizonezkoen futboleko Munduko Kopako finalaren harira Euskal Herriko kaleetan pantaila erraldoiak jartzeko erabakia izan da; antolatzaileen ustez, erabaki horrek inposaketa eta zapalkuntzaren normalizazioa errazten du.
Bultzadak gogor salatu du gertakari horien atzean dagoen asmoa: “futbolaren aitzakipean, espainiar nazionalismoa indartzen da, nazionalismo erabat baztertzailea eta inposatzailea”. Era berean, kaleetan horri lotutako ikurrak eta aldarriak normalizatzen ari direla ohartarazi dute.
Testuinguru horretan, Espainiako bandera jarri dute “adibide argitzat”. Bultzadaren hitzetan, bandera hori ez da identitate baten ordezkaritza hutsa, estatu egitura baten ikurra baizik; zehazki, ondorengo ezaugarriak dituen estatu batena: herrien autodeterminazioa ukatzen duena, euskara azpiratzen duena, estatuburutza koroaren eskuetan duena, preso politikoak dituena, haren mugetan urtero milaka migrante hiltzen dituena eta langileria esplotatzeko elite ekonomikoak babesten dituena.
Kritika zuzena, Donostiako Udalari
Mobilizazioaren deitzaileek Donostiako Udalaren jarrera ere jarri dute jomugan. Bultzadak salatu duenez, erakundeak baliabide publikoak erabiliko ditu partidaren harira pantailak jarri eta “Donostiako kaleak ikur eta aldarri espainolistez betetzeko”.
Egoera horren aurrean, “kaleak hartzea” ezinbestekotzat jo dute, inposaketari aurre egiteko eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da, Bulebarretik.


