Donostiako Udalaren «utzikeriak» zabor tasa nabarmen garestituko du 2027an, Eguzkiren arabera
Zaborra kalean. (Argazkia: Parte Zaharrean Bizi) Eguzki talde ekologistak ohartarazi duenez, Donostiako udal gobernuak hondakinen gaikako bilketa hobetzeko urratsik ez egiteak zuzenean eragingo du herritarren poltsikoan; izan ere, Gipuzkoako Hondakin Kontsorzioak (GHK) ezarritako tarifa sistema berriaren ondorioz, 2027an zabor tasa KPIaren gainetik igoko da, berriro.
Udalak hilaren 23ko udalbatzan zuen onartzekoa zabor tasa berria, baina, azkenean, bertan behera utzi behar izan du, igoeraren zenbatekoa berriz eta gorantz kalkulatu behar duelako.
Tarifa sistema berria
Eguzkik azaldu duenez, birkalkulatze horren arrazoia GHK-k ezarritako tarifa sistema berria da; sistema horrek “kutsatzen duenak ordaintzen du” printzipioa jarraitzen du, eta, beraz, gaika gehien bereizten duten herriek gutxiago ordainduko dute, eta gutxien bereizten dutenek, gehiago.
Hala, nahastutako hondakinen eta ongi bereizitako organikoaren arteko tarifa diferentzia oso nabarmena izango da udalentzat: errefusa (nahastutako hondakinak): 231 euro tona bakoitzeko, eta bereizitako hondakin organikoak: 91 euro tona bakoitzeko.
Eguzkiren arabera, tonako 140 euroko alde horrek zuzenean kaltetuko du hiria; izan ere, lurraldeko hiririk handiena izaki, hondakin gehien sortzeaz gain, gaika gutxien bereizten duen udalerria da.
Legezko mugetatik urrun
Eguzkik plazaratutako datuen arabera, Hondakin Legeak, gutxienez %55eko gaikako bilketa exijitzen badu ere, Donostiak kopuru horretatik oso urrun jarraitzen du.
Talde ekologistak azpimarratu duenez, nahastuta jasotako 48 milioi kiloen erdia, gutxienez, materia organikoa da. Hondakin horiek bereizita jasoko balira, udalak 140 euro aurreztuko lituzke erreskatatutako tona bakoitzeko, baina gaur egun preziorik garestiena (231 euro) ordaindu beharko du horiengatik. Legeak ezarritako %55a beteta bakarrik, udalak dirutza aurreztuko lukeela gogorarazi dute.
Gainkostua, herritarren eskutik
Hondakin Legearen arabera, hiri hondakinen kudeaketa osoa tasen bidez finantzatu behar da, ezinbestean, udal aurrekontuetako beste atal batzuetatik lagundu gabe. Ondorioz, Donostiako bilketa sistemak eragiten duen gainkostu ekonomikoa herritar guztien artean ordaindu beharko dute, bai hondakinak bereizten ez dituztenek, bai zintzo bereizten saiatzen direnek ere. Izan ere, nahiz eta ongi egiten dutenentzat hobariak egon, Eguzkik argitu du ez direla nahikoak egoera konpentsatzeko.
Erantzunik eza
Arazoari aurre egiteko udalaren planik eza ere gogor kritikatu du Eguzkik. Azaldu dutenez, 2024ko azaroan, udalak “Hondakin Legea nola bete aztertzeko batzorde ez iraunkorra” sortu zuen alderdi guztiekin, gaikako bilketa handitzeko eta ordainketa sistemak aztertzeko helburuarekin.
2025eko ekainean, hala, hainbat talde gonbidatu zituzten batzorde horretara –Eguzki tartean– iritziak eta proposamenak emateko. Hala ere, urtebete igaro ondoren, udalak ez du inongo konklusio dokumenturik aurkeztu, eta eragileek ez dute bileren aktarik ere jaso. Eguzkiren hitzetan, udal gobernua “tematuta” dago gaiari ez heltzeko, eta gelditasun horren ordaina herritarrek pagatuko dute.

