Katajineta bat dokumentatu dute Ulian kaio beltzen arrautzak harrapatzen, lehenengo aldiz
Katajineta, Uliako kaio beltzen arrautza harrapatzen.Itsas Enara Itsas Enara Ornitologia Elkarte donostiarrak katajineta bat dokumentatu du kaio beltzen arrautzak elikatzeko harrapatzen, Donostiako Ulia mendian. Gertakari historikoa da, elkarteak azaldu duenez, lehenengo aldiz erregistratu baita katajineta bat kaio beltzen arrautzez elikatzen. Hain zuzen ere, hori dela eta, Itsas Enarako kide Xabier Saralegik kasuari buruzko artikulua argitaratzea lortu du Iberiar penintsulako ugaztunak aztertzen dituen SECEM elkartearen aldizkarian; hemen daukazue artikulua.
Elkarteak azaldu duenez, Uliako itsaslabarretan dago kaio hankahorien Gipuzkoako kolonia ugaltzaile handiena, eta, 2021etik, bertan ugaltzen da, baita ere, kaio beltzen bikote bat, Gipuzkoan ugaltzen den bakarra —aurretik, Santa Klara uhartean ugaltzen saiatu zen—. Kaio hankahoria baino nabarmen handiagoa da espezie hori, eta oso urria da kantauriar kostaldean.
Horrela, lepazuriak eta azeriak dokumentatu izan dituzte urteotan kaio beltzen zein hankahorien arrautzak harrapakin gisa hartzen, eta, orain, lehenengo aldiz, katajineta bat dokumentatu dute hori bera egiten. Kaio beltzen bikoteak maiatzaren 17an jarri zuen denboraldiko bigarren arrautza —egun batzuk lehenago jarri zuten lehena, baina animaliaren batek eraman zuen, nahiz eta harrapatze hori ez duten erregistratu—, eta 18ko gauean dokumentatu zuten aipaturiko katajineta, arrautza harrapatzen, kaioak bertan ez zeuden momentu batean. Kaio beltzen bikoteak habia utzi zuen hurrengo egunean.
“Horixe izango litzateke kaio beltzak katajinetaren harrapakin gisa erregistratu diren lehenengo aldia. Kaio beltza espezie ugaltzailea da, oso urria Kantauriko kostaldean, eta agerian uzten du katajinetak gaitasuna duela kostaldeko harrobietan habiak egiten dituzten kaioen errunetara sartzeko”, nabarmendu du Saralegik aipaturiko artikuluan. Jarraian, kasuaren bideoa ikus dezakezue:


