COP31 Bizikleta Martxarekin bat egin du udalak, «bizikletaren erabilera bultzatzeko»
Donostiako Udalak bat egin du COP31 Bizikleta Martxarekin.Donostiako Udala Donostiako Udalak COP31erako Bizikleta eta Bela Martxari harrera egin zion astelehenean, baita egitasmoarekin bat egin ere, udalak ohar bidez azaldu duenez. “Nazioarteko ekimen horrek hainbat herrialde zeharkatzen ditu, bizikleta funtsezko tresna dela aldarrikatzeko klima aldaketari aurre egiteko eta mugikortasun iraunkorragoa sustatzeko”, nabarmendu du udalak.
Azaroaren 9an abiatu zen espedizioa Belemetik (Brasil), COP30a hartu zuen hiriatik, eta Antalyan (Turkia) amaituko da, COP31ren egoitzan. Ibilbidean zehar, parte hartzaileek sentsibilizazio jarduerak egiten dituzte bizikletaren eguneroko erabilerari balioa emateko. “Ekimen honen helburu nagusia da bizikletaren erabilera bultzatzen duten eta garraiobide hori herrialde ezberdinetako plan klimatikoetan txertatzen duten politika publikoak bultzatzeko proposamenen dekalogo bat aurkeztea COP31n”, gaineratu du udalak.
Iñigo Garcia Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “Donostiak berretsi egiten du klima aldaketaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa, eta bat egiten du horrelako ekimenekin, mugikortasun iraunkorragoa, aktiboagoa eta ingurumena errespetatzen duena sustatzen laguntzen dutenekin, hiri-eredu osasungarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko hiri helburuen ildotik”.

