Ikuskizun eta ekitaldietako langileek greba egingo dute abuztuaren 14an, hitzarmen duin baten alde
Teknikariok sindikatuak greba egunak aurkeztu ditu gaur, Bilbon.Teknikariok Ikuskizun eta ekitaldien sektoreko langileek Gipuzkoa osoko grebara deitu dute abuztuaren 14rako, Donostiako Aste Nagusiaren testuinguruan. Helburua EUKI patronalak negoziazioetan ezarritako blokeoa salatzea eta lan baldintza duinak bermatzea da.
Sektoreko sindikatu nagusiek —Teknikariok, ESK, ELA, LAB, UGT, CCOO eta CNT— aho batez egin dute lanuztetarako deialdia. Hala, gogor salatu dute EUKI patronalaren jarrera, haien aldetik “pasotismoa” eta “erabateko isiltasuna” jasaten ari direla azpimarratuz.
Bitartean, langileen ordezkariek gogorarazi dute Lan Ikuskaritzan jarritako salaketek fruituak eman dituztela, dagoeneko. Ebazpenek arrazoia eman diete langileei, eta lehenengo zigorrak ezarri zaizkie arauak urratu dituzten hainbat enpresari.
Hiru greba egun, EAEn
Abuztuaren 14ko Gipuzkoako greba probintziala mobilizazio dinamika zabalago baten parte da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetako jai nagusietan egingo dituzte lanuzteak: Donostiakoaz gain, abuztuaren 5ean izango da Gasteizen, eta abuztuaren 26an, Bilbon.
Sindikatuek argi utzi dute borrokan jarraituko dutela patronalak zentzuz jokatu eta elkarrizketari heldu arte. Hala, lelo argi bat plazaratu dute mobilizazio horien harira: Kultura ezin da esplotazioaren sinonimo izan.
Bide horretan, gainera, langileak ez daude bakarrik. Mugimendu herrikoien babes zabala jaso dute deialdiek; zehazki, Donostiako Piratak, Bilboko Konpartsak eta Gasteizko Txosna Batzordea batu zaizkie aldarrikapenetara. Sindikatuen arabera, babes honek argi erakusten du “jai duinak defendatzeak, nahitaez, bertako langileen eskubideak defendatzea” esan nahi duela.

