Trinitate plazako kontzertuetan sarituko ditu Jazzaldiak David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martin
David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martin, Jazzaldiak 2026an sarituko dituen pertsonak.Jazzaldia Asteazkenean (hilak 22) hasiko da Donostiako 61. Jazzaldia, eta igandera bitarte (hilak 26), 77 kontzertuz gozatu ahal izango dute herritarrek, hiriko hainbat agertokitan. Jakina denez, David Murray, Joe Lovano eta Miguel Martin sarituko ditu jaialdiak, eta sari horiek noiz banatuko dituzten iragarri berri dute antolatzaileek: osteguneko (hilak 23) Trinitate plazako kontzertuen aurretik (21:00) sarituko dituzte Murray eta Lovano, Parte Zaharreko plaza horretako agertokian, eta leku eta ordu berean Miguel Martin, larunbatean (hilak 25).
“50 urtez baino gehiagoz Jazz modernoaren soinuari forma ematen aritu da David Murray: ausarta, sortzailea, tradizioan errotua, baina, betiere, mugak gainditzen”, nabarmendu du Jazzaldiak Murrayri buruz. 200 disko baino gehiago argitaratu ditu saxofoi jotzaileak bere ibilbide luzean, baita artista ezagun askorekin kolaboratu ere. Jazzaldira 1992an etorri zen estreinakoz, eta, aurten, seigarren aldiz arituko da Donostiako jaialdian, hilaren 23an bertan, Trinitate plazan.
Lovano saxofoi jotzaileak ere hilaren 23an joko du Trinitate plazan bertan, Murrayren ondoren; bosgarren aldiz arituko da Jazzaldian. “Artista emankorra eta jazz garaikidearen funtsezko figura, bere ibilbidean soinu berriak etengabe bilatzeagatik nabarmentzen da Lovano. Izar handienek ere berarekin lan egin nahi izan dute”, nabarmendu du jaialdiak.
Azkenik, Martin sarituko du jaialdiak hilaren 25ean, Jazzaldiaren egungo zuzendaria, kargu hori utziko duen urtean: “Funtsezko figura izan da Jazzaldia Euskadiko ekitaldi kultural garrantzitsuenen artean kokatzeko garaian”, adierazi du Jazzaldiak. 1978tik dauka Martinek Jazzaldiarekin lotura profesionala: “1978an sartu zen Batzorde Antolatzailean, 13. edizioan, eta 1984tik 2026ra Jazzaldiaren zuzendaria izan da, baita Donostia Kulturako Musika Unitateko zuzendaria ere, 2007az geroztik. Musikazale amorratu eta jakitun handi honek —musikarena, oro har, eta jazzarena, bereziki— eraldatu egin du Jazzaldia, orain den hau izatera arte: mundu mailako erreferentzia bat, hiriari irekitako jaialdi bat eta munduko musikaririk onenak igaro diren eta igarotzen diren urteroko hitzordu bat”, nabarmendu du jaialdiak.

