Dbusek zifra historikoak erregistratu ditu 2026ko lehen seihilekoan
Dbuseko autobusak Bulebarrean. Irati Salsamendi Urteko lehen seihilekoan zifra historikoak erregistratu ditu Dbusek, orain arteko daturik onenak lortuz. Zehazki, 16.626.862 bidaia erregistratu dira sarean, hau da, iazko epe berean baino 292.103 bidaia gehiago.
Bidaia guztien erdiak bost linea nagusiren artean banatu dira. Erabilera handiena izan dutenak honako hauek dira, hurrenez hurren: 13-Altza, 28-Amara-Ospitaleak, 5-Benta Berri, 17-Gros-Amara-Miramon eta 26-Amara-Martutene.
Goranzko joera orokor horri jarraituz, lanegunetako bidaien eguneko batez bestekoa ere handitu egin da lehen seihilekoan: 2025arekin alderatuta, %2,61eko igoera egon da, eta, guztira, 106.799 bidaia izan dira.
Jendetza handieneko egunak eta hilabeteak
Egun zehatzei erreparatuta, urtarrilaren 19a (San Sebastian egunaren bezpera) izan da 2026ko lehen seihilekoan jendetza handiena bildu duen eguna: 124.900 bidaia egin ziren. Atzetik dago, besteak beste, martxoaren 13a, Anoetan jokatutako Reala-Athletic Kopako finalerdiaren egunarengatik (116.598 bidaia). Hilabete gisa, berriz, aurtengo maiatza eta ekaina Dbusen historian bidaia gehien izan duten hilabeteetako batzuk bilakatu dira.
Gorakada etengabe horren emaitza nagusia epe luzeko datuetan islatu da. 2026ko ekainaren 30ean itxitako azken hamabi hilabeteko kontaketan, guztira, 34.027.482 bidaia erregistratu dira. Dbusen historian lehen aldia da hamabi hilabeteko epean 34 milioi bidaiako muga gainditzen dela.

