Gaur hasiko da Donostiako Jazzaldia, zita nagusi batekin: ETS taldea, Zurriolan
Igandera bitarte (hilak 26), 77 kontzertuz disfrutatu ahal izango da, hamabi agertokitan. ETSk hondartzan joko du gaur, eta hainbat jazz kontzertu ikusi ahal izango dira Kursaaleko terrazetan.
ETS taldea.Jazzaldia Gaur (hilak 22) hasiko da Donostiako 61. Jazzaldia, eta igandera bitarte (hilak 26), 77 kontzertuz disfrutatu ahal izango da, hamabi agertokitan. Ohiko legez, Trinitate plazako, Kursaaleko, Viktoria Eugenia antzokiko, San Telmo museoko, Maria Cristina hoteleko eta Txillida Lekuko kontzertuak ordainpekoak izango dira. Hala ere, doako 47 kontzertu antolatu dituzte aurten, Kursaaleko terrazetan, Zurriola hondartzan, San Martin merkatuan eta Irungo San Juan plazan (kontzertu bakarra, ostiralean) banatuta. Hemen daukazue egitarau osoa.
Gaurko programazioari dagokionez, ETS euskal taldearen kontzertua da zita nagusia. Zurriola hondartzako agertoki handian joko du talde arabar ospetsuak, 23:30ean, eta zalez lepo egongo den makrokontzertu bat izango dela aurreikusi daiteke. Aurretik, 20:45ean, LP (Laura Pergolizzi) abeslari eta musikari estatubatuarrak joko du agertoki berean, gaua irekitzeko.
Publiko orokorrarentzako kontzertu handi horiez gain, jazza edo antzeko musika estiloak entzun nahi dituztenek ere edukiko dute zer ikusi asteazken honetan Jazzaldian, nagusiki, Kursaaleko terrazetako doako kontzertuetan. Izan ere, besteak beste, Marco Mezquida pianistaren hirukoteak joko du 19:30ean Fnac gunean eta Annie & The Caldwellsen musika beltzak hartuko du Frigo gunea 22:15ean.
Bestalde, bihartik aurrera (hilak 23), hasiko dira Trinitate plazako eta Kursaaleko kontzertuak, Jazzaldiko indartsuenak izaten direnak. Aurten, besteak beste, Miles Davis eta John Coltrane musikari handiei egingo dizkieten omenaldiak nabarmentzen dira.

