Haizea eta Sustraiak kolektiboa: «Perturren memoria militantea desagerrarazi nahi da»
Elkarteak salatu du erakunde batzuek ETA politiko-militarreko kide izandakoaren figura borroka armatua amaitzeko borondatearekin lotu nahi dutela, Perturrek berak idatzitako 'Otsagabia' txostenean ETAren jarraipenaren ingurukoak jasotzen ziren arren.
Pertur gogoratzeko manifestazioa, Donostian, 1977an.'Argia'-ren fototeka Ostegunean 50 urte beteko dira Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETAko militante donostiarra desagerrarazi zutenetik, eta, mende erdi igaro den honetan, oraindik argitzeko dago zer gertatu zen Perturrekin eta zein izan zen bere desagerpenaren erantzulea. Urteurrenaren harira, Haizea eta Sustraiak memoria elkartea Perturren «bi desagertzeez» mintzo da, bat fisikoa eta bestea politikoa: «Perturren memoria militantea desagerrarazi nahi da». Ohar batean, kolektiboak salatu du erakunde batzuek Perturren figura «manipulatu» dutela, eta saiatzen ari direla haren «ekarpen ideologikoa» edukiz husten; zehazki, haren figura borroka armatua amaitzearen aldeko iritziarekin lotzen. Baina hori, elkartearen iritziz, «erabat zalantzagarria» da.
Pertur 1976an desagerrarazi zuten, eta ETA politiko-militarrak sei urte geroago iragarri zuen borroka armatuaren amaiera. Elkarteak gogora ekarri du Perturrek berak idatzitako Otsagabia txostena, eta argudiatu Perturren hitzetan oinarrituz ezin dela ondorioztatu borroka armatua amaitutzat emateko asmoa zegoenik: «Txostenak eta hura praktikan jartzeak EIAren sorrera ekarri zuten, baina baita erakunde politiko-militarraren jarraipena ere». Txosten hartan, ETA «lortutakoa defendatzeko eta mantentzeko bermetzat» jotzen zuen Perturrek, eta ETArekiko militantzia hori oroitarazi du Haizea eta Sustraiak elkarteak: «Pertur desagertu zenean, ETAko militantea zen. Bere ekarpen politikoetan, erakundea mantentzeko beharrari eusten zion. Egindako konkistak defendatzeko eta mantentzeko tresna bakartzat ulertzen zuen».
Eduki hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; Berria-ren webgunean jarraitu dezakezue osorik irakurtzen.

