61. Jazzaldia irekitzen
Carmen Lundy, Jazzaldian atzo emandako kontzertuan.Lolo Vasco / Jazzaldia Iritsi dira musikazaleontzako hirian urteko egunik onenetakoak direnak: uda, egun argitsuak eta 60 musika emanalditik gora izango ditugu bost egunotan, igandera arte.
Atzo hasi zen 61. Jazzaldia, eta lau kontzertutan izan nintzen jaialdiak pizten dizkidan sentipen positiboetan murgilduta. Goizez, San Telmo museoko klaustroan azken urte hauetan eskaintzen diren kontzertuetan izan nintzen, Julius Rodriguez piano jole estatubatuarra ikusten. Bakarka jo zuen, eta nahiz 27 urte besterik ez izan, jazza eta inguruko estiloak (gospela, bluesa, hip-hopa…) ederki menderatzen ditu musiko honek. Ederra da San Telmoko eszenatokiak eskaintzen duen gertutasuna, bildua da lekua eta jolearen lana argi sentitzeko aukera ematen du. Rodriguezek berak sortutako errepertorioan oinarritutako kontzertua eman zuen, Stevie Wonderren bertsio bat kenduta. Bakarka nola aritu zen ikusi ondoren, arratsaldean, Carmen Lundy abeslariari laguntzen ikusi nuen berriz, eta talde formatuan gehiago gustatu zitzaidan, bakarka baino.
Ondoren, Javi Ruibal Cuarteto entzutera joan nintzen, Viktoria Eugenia Antzokira. Jazz flamenko indartsua eskaini zuten Andaluziako musiko hauek eta bereziki flauta, saxoa eta harmonika jo zituen Diego Villegas gustatu zitzaidan. Flautarekin, Jorge Pardo gogorarazi zidan, eta, harmonikarekin, Antonio Serrano, maisuak biak. Arratsaldean, berriz ere, Viktoria Eugenia Antzokian Carmen Lundy abeslariaren kontzertua ikusi nuen. Jazz Diva hau Ella Fitzgerald, Aretha Franklin edo Sarah Vaughnekin konparatua izan da, eta maila handiko kontzertua iruditu zitzaidan. Talde ikusgarri bat zuen laguntzaile (tartean, aipatutako Julius Rodriguez pianoan) eta, batez ere, Terreon Gully bateria jolea gustatu zitzaidan, perkusioari soinu kolore ugari ateratzen eta swingeatzen maisua. Lundyk berak zoragarri afinatzen zuen ahotsa eta pasarte fuerteak naiz leunak ederki menderatzen zituen.
Jarraian, Kursaaleko terrazetan Marco Mezquida piano jole menorcarra ikusi nuen. Jazzaldian hainbat alditan jotakoa da (San Telmo museoan, Trinitate enparantzan…) eta estatuan gehien nabarmentzen den jazz musikarietakoa da. Kontzertu ederra eskaini zuen bere hirukoteak, baina Fnac guneko eszenatokia ez zen aproposa beraien proposamenerako. Soinua ez zen ona (oso bolumen baxua) eta ikusle asko hizketan eta tragoak hartzen aritu ziren. Ea hurrengo batean eszenatoki bilduago batean ikusteko aukerarik izaten dugun berriz ere.
Gomendioak eta eskertzeak
Nire aurtengo Jazzaldia, zoritxarrez, atzo hasi eta bukatu zen, gaurtik aurrera kanpoan izango naiz eta jotzen. Joe Lovano, Julian Lage, Marcus Miller, Diana Krall, Pat Metheny eta gogoz ikusiko nituzkeen beste proposamen erakargarri asko galduko ditut. Beraz, bertan izango zaretenak aprobetxatu eta gozatu egun hauetako musika eskaintza, luxu bat da eta gure hirian hainbeste eta hain aberatsak diren musika proposamenak izatea.
Bestetik, Abdullah Ibrahim piano jole hegoafrikarra oroitu nahiko nuke. 1998ko Jazzaldian ezagutu nuen, Trinitate enparantzan eskaini zuen kontzertu liluragarri batean, eta eragin handia izan zuen nigan deskubrimendu hark. 2023an izan genuen azkeneko aldiz Jazzaldian, eta, orduan, Jazzaldia Saria jaso zuen. Ekainaren 15ean hil zen Ibrahim jauna, 91 urterekin.
Eta, bukatzeko, urte askotan Jazzaldiko zuzendari eta asmatzaile izan den Miguel Martini eskerrak eman nahiko nizkioke. Bere musika ezaguerak eta kudeaketarako gaitasunak hainbat eta hainbat artista ezagun eta ezezagun on gertutik dastatzeko aukera eman digu Donostian. Aurten, merezitako Jazzaldia Saria jasoko du. Zorionak Miguel!

