Euskadiko minbiziaren tratamendu aurreratuena Donostian egongo da
Lan guztiak 2027ko abuztuan amaituko direla aurreikusi du Osakidetzak.Eusko Jaurlaritza Osakidetzak urrian instalatuko du Euskadiko Protonterapia Unitateko ekipoa Donostiako Unibertsitate Ospitalean. Euskadi “minbiziaren tratamendu erradioterapikoaren abangoardian” kokatuko duela adierazi du Osakidetzak. Azpiegiturak 61,38 milioi euroko inbertsio globala du eta euskal sare publikoaren gaitasun asistentziala indartzea du helburu.
EAEko Osasun Itunaren ildo estrategiko barruan dago ekipoa abian jartzea eta lehen pazienteen tratamendua 2028ko urtarrilean hastea aurreikusten du Osakidetzak. Proiektuak “arreta onkologikoa baliabide aurreratuagoekin indartzeko lehentasunari” erantzuten diola adierazi du Euskal Osasun Zerbitzuak, eta gaineratu du, “zehaztasun handiko teknologia bat” duela, eta horri esker tumorea modu lokalizatuagoan tratatzeko eta ehun osasuntsuen gaineko kaltea murrizteko aukera ematen duela.
Protoi terapiak “aukera terapeutikoak, eta tratamendu pertsonalizatuagoak, zehatzagoak eta seguruagoak” eskaintzeko balioko duela adierazi du Osakidetzak.
Lanak
Lan guztiak 2027ko abuztuan amaituko direla ziurtatu du Osakidetzak, eta gaineratu du ondoren, instalazioaren, baliozkotzearen, eskuduntzaren eta baimenaren faseak garatuko direla.
Unitateak 8.287 metro karratuko azalera eraikia izango du, lau solairutan banatuta. Bertan egongo da protoi terapia tratamendurako gela eta etorkizunean bigarren instalazioa bat jartzeko espazioa utziko da.
Amancio Ortega fundazioaren laguntza
Ekimenak Amancio Ortega fundazioaren laguntza jaso du eta 280 milioi euroko ekarpena egin du fundazioak “hamar protoi azeleragailu erosteko eta Espainiako Estatuko hamar erkidegotan instalatzeko beharrezkoak diren beste zerbitzu batzuk emateko”, honakoak dira erkidegoak: Galizia, Katalunia, EAE, Madril, Andaluzia, Valentzia eta Kanaria Uharteak.

