Sagueseko skate parkea Aste Nagusia amaitzean berrituko du udalak
Sagueseko skate parkearen simulazioa.Donostia Kirola Donostiako Udalak Sagueseko skate parkea erabat berrituko du. Bertan ibiltzen direnen eskaerei eta Herritarren Partaidetzazko Aurrekontuetan aukeratutako proiektuetako bati erantzuten dio.
Donostiako skate komunitatearekin elkarlanean landutako proiektua da eta lanak Aste Nagusiko jaiak amaitu ondoren hasiko dituztela aurreikusi du udalak, abuztuaren 17an zehazki.
Ia 200.000 euroko inbertsioa izango du eta egungo skate parkeak dituen 700 metro karratuak erabat berrituko ditu. Haur eta gazteentzat egongo da bereziki eraikia, kirol hori egiten hasi nahi dutenentzat hain zuzen ere.
“Haurrek eta gazteek kirol honetan modu errazago eta progresiboagoan hasteko espazio irisgarriagoa izango da”, adierazi du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak. Diseinuak zarata gutxitzen lagunduko duela ere nabarmendu du zinegotziak, eta gaineratu du helburua ez dela “street edo bowl motako skate parke bat errepikatzea”, baizik eta surfari lotutako patinaje arin eta jarraituagoa praktikatzeko “berariazko espazio bat sortzea”.

