Bexamelari uko egin dioten kroketa bakarrak dira arrakastatsuenak
Osagai onenekin datoz Amarako jaiak, eta Ixiar Gomez-Cruzado jai batzordeko kideak argi utzi du aurtengo filosofia: auzotar guztientzako topagune izatea. Funtzionatzen duen horri eutsiz, berrikuntza gutxirekin baina jai giroz lepo pasatuko dituzte jai egunak auzoan.
Amarako jai batzordea.Amarako jai batzordea Hastear dira Amarako jaiak, eta auzoa jai girorako prestatzen ari den honetan, Ixiar Gomez-Cruzado jai batzordeko kideak argi dauka zein izan den antolaketako helburu nagusia: auzotar guztientzako jaiak izatea.
Ezaguna den horrek funtzionatzen duenean, hala, errazagoa da asmatzea; pandemiaren ostean parte hartzeak izandako gorakada ikusita, aurtengoan ez dute egitarauan berrikuntza nabarmenik txertatu. «Horrek esan nahi du egiten dugunak funtzionatzen duela», azaldu du Gomez-Cruzadok, eta ildo beretik jarraitzea erabaki dute.
Haurrak, erdigunean
Azken urteetan, jai batzordeak ahalegin berezia egin du haurren egitaraua indartzeko. Horren isla da duela urte gutxi sortu zuten Haurren Eguna, txikienengana bideratua eta ahalik eta jende gehienak parte har dezan pentsatua. Egun hori hilaren 30ean izango da aurten, eta egun osoko eskaintza dakar, 11:00etatik 21:00etara: tailerrak, apar festa, bingoa…
Formatu hori pixkanaka bere lekua hartzen joan da, eta, batzordekideak «oraindik kostatzen dela» onartu duen arren, esfortzu horri esker lortu dute familiak ere jaietan gehiago inplikatzea.
Bexamelik gabeko kroketak
Amarako jaietako hitzordu bereziena da, zalantzarik gabe, Giza Kroketa Txapelketa. Amarako jaien ezaugarri bat. Gomez-Cruzadok kontatu du, ustez, ez dutela beste inon egiten, eta horrek bihurtzen du auzoan are bereziagoa. Dinamika erraza bezain deigarria da: lurrean zerrautsa bota, parte hartzaileak bertan etzan eta bueltaka ibiltzen dira, kroketa bihurtzeko asmoz.
Txapelketa erromeriaren atsedenaldian egiten dute, gauerdi partean. Inprobisazioak pisu handia duela dio batzordekideak; giroarekin berotzen direnek hartzen dute parte. «Amaratar petoa sentitzen den horrek badu ohitura parte hartzeko, eta kanpotik datorrena aho zabalik geratzen da», adierazi du.
Erreleboaren erronka
Jai batzordeak 2022aren bueltan izan zuen errelebo aldaketa, eta egungoa talde gaztea dela nabarmendu du kideak. Funtzionamenduari dagokionez, antolakuntza modu honetan banatzen da: bost pertsonaz osatutako talde motor bat, koordinazioaz arduratzen dena, eta «sareak», jarduera zehatzak antolatzeaz arduratzen direnak.
Jendea konprometitzea zaila den arren, jarduera zehatz bezain beharrezkoetan (esaterako, herri bazkarirako mahaiak muntatu eta desmuntatzen) ematen den laguntza puntuala ezinbestekoa dela gogorarazi du Gomez-Cruzadok. Erreleboa eten ez dadin, batzordea beti dabil dinamikoagoak izango diren formula berriak asmatu eta jende gehiago lotzeko ahaleginean.
Erasorik gabeko jaiak
Parte hartzeko gogoa badagoela ikusita, antolatzaileek ez dute ahaztu nahi izan jaien alderdi aldarrikatzaile eta babeslea: gogorarazi nahi izan dute, hala, duela urte batzuk Amarako talde feministak martxan jarritako eraso sexisten aurkako protokoloak indarrean jarraitzen duela. Gainera, protokolo horrek, iaztik, jarrera arrazistak ere barne hartzen ditu, garrantzitsua bezain beharrezkoa baita jaietan seguru sentitzea.

