Inork ezer gidatu ez dezan
Kaiko karmenetako erraldoiak.Joseba Parron San Sebastian Ez naiz inor ni hemendik aurrera zer egin behar duzuen esateko, baina beti gustatu izan zaizkit planak gomendatzen dituzten post horiek. Hau ez da post bat. Eta ni ez naiz inor. Baina, tira, onartuko didazuelakoan:
Duela egun batzuk, norbaitek esan zidan oporretan arnasa hartzeko aukera izango dudala. Lurrera jaitsiko naizela. Hor goitik primeran ikusten da dena, ezin hobeto, baina arrazoi zuela uste dut. Aldamioaren azken burdinetik, urrutitik, ez da posible inor begietara begiratzea. Ahaztu egiten zaigu, batzuetan. Bagoaz, bagatoz, eta jirabira horretan, ahaztu egiten zaigu oinak lurrean jartzeak duen garrantzia, ohitu garen arren pilotu automatikoan dantzan egitera, norbaitek gidatuko bagintu bezala.
Beraz, zu ez zaren beste inork ezer gidatu ez dezan, egin parranda, maitasuna —posible duzuen modu guztietan— eta pasatu eguna kresalez lepo, ezkatak atera arte, presarik gabe —batzuetan, ez dakigu hori zer den—, jan nektarinak kiloka eta kendu hautsa apaleko liburuei. Irakurri, azpimarratu horiek eta atera argazki pila bat, asko, mordoa, nostalgia ere badelako udararen parte, batez ere, neguan.
Bizitza hobea da eguzki azpian etzanda.
Bidali postal bat, bi, bost, margotu ezpainak —gorriz— eta egin abesti zerrenda luzeak, udara osoa iraun dezaten. Ikusi ilunabartzen, eguzkia ezkutatzen, idatzi asko —zinez, gomendatzen dut—, eta nahikoa —gutxi— zapaldu etxeko zorua.
Kaleetan ikusiko dugu elkar, irakurle, hor dagoelako bizitza. Baita gurea ere.
Itzaletik ibili. Eta txintxo.

