«Oso berezia izan da. Bai triatloiagatik, bai nire momentu pertsonalarengatik»
Maddi Marquet Ferrani (Donostia, 1999) etxetik datorkio kirola egiteko ohitura, aita triatloilaria du eta ama atleta. Bera atletismoan hasi zen, baina lesio baten ondorioz, igeriketan eta txirrindularitzan murgildu zen eta aitaren kirola ezagutu zuen. Ekainaren 28an, Onditz triatloia irabazi zuen, eta, horrela, «amets bat» betetzea lortu zuela aitortu du.
Maddi Marquet, kirolaria.Asier Gonzalez de San Pedro Nola hasi zinen triatloian?
Txikitan, beti joan izan gara Euskadiko Triatloi Zirkuituko probak ikustera, aita parte hartzailea zelako edo bere garaian Euskal Federazioan sartuta egon zelako. Eta nire ama atleta da, gainera. Nire bikia eta ni atletismoan ibili ginen, batez ere, nire bikia. Lesio baten harira, ordea, ezin izan nuen korrika egin denbora batez, eta geldirik egoten ez dakidanez, igerilekuan bukatu nuen. Gero, bizikletan ibiltzen hasi nintzen, eta horrela, triatloian bukatu nuen.
Hiru kirolen arteko nahasketa gustatzen zitzaidan, pilo bat disfrutatzen nuen hiru kirolak egiten eta nire aitaren kirola deskubritzen bukatu nuen.
Azken egun hauek amets bat izango balitz bezala bizitzen ariko zara, ezta?
Azken egunak ez dakit, gehiegi iruditzen ari zait, baina ekainaren 28koa bai. Azken finean, nire klubak antolatzen duen triatloia da. Gu txiki-txikitatik Donostiako Atletikoko bazkideak izan gara, eta klubarekiko sentimendu eta inplikazio maila berezi bat dugu. Horregatik, guk antolatzen dugun eta maila hori duen lasterketa bat irabaztea amets bat izan zen.
Gainera, duela bi urte familia osoari elkarrizketa bat egin ziguten, eta nik aipatu nuen nire ametsa Onditz irabaztea zela.
Ibilbidea aldatu dute aurten. Eragina izan du horrek?
Ez, garaipenean ez. Egia da klubarentzat Igeldoko jaitsiera ez egitea buruhauste nahiko handia izan dela. Murgil baldintza horietan jaistea, ez dugu esango arriskutsuegia denik, baina bai da arriskutsua. Nik jaitsiera ezagutzen nuen, eta hala ere, erori egin nintzen. Gainera, nik alderik nabariena igoeretan ateratzen dut.
Erorikoa izan zenuela aipatu duzu, ondoriorik izan duzu?
Lasterketan ez nuen ondoriorik izan. Kolpea eta gero dardarka jaisten zara, beldurrez, baina zauriak eta antzekoak izan ditut eta gorputza blokeatuta izan nuela nabaritu nuen hurrengo bi egunetan.
Lasterketan zehar, ez ninduen mugatu daukazun adrenalinarengatik. Erori nintzenean, neure buruari esan nion: «Goazen, Maddi, saiatu ahalik eta azkarren altxatzen eta hartu lasai, altxa eta jarraitu behera». Egoera lasai kudeatzen saiatu nintzen, aukerak ikusten nituelako garaipena lortzeko.
«Guk antolatzen dugun [Donostiako Atletikok] eta maila hori duen lasterketa bat irabaztea amets bat izan zen»
Nazioarteko lehiakideak izateak garaipena hobea bilakatzen du?
Donostiako Onditz triatloia esanguratsua da, eta kanpoko jendea etortzeak balio erantsia ematen dio. Lekeitioko triatloian antzera gertatzen da. Beraz, maila altua duen lasterketa bat irabazteak askoz indar gehiago ematen dizu. Gainera, sentimendu berezia du bi triatloi horiekiko, donostiarra naizelako eta Lekeition lagun asko ditudalako eta oso ondo hartzen nautelako.
Arratsaldean, 2023an egin nuen aurreko Onditzeko denborak begiratzen aritu nintzen, eta bi ordu eta hogei minututan egin nuen, eta edizio horretan irabazleak bi ordu eta hamasei minututan egin zuen. Aurten, bi ordu eta hamabi minutuko denbora egin dut, eta irabazteari marka gehitzen badiot, indar gehiago eman dit.
Eta etxekoek zer esan dizute garaipena eta gero?
Denentzako oso berezia izan da. Bai triatloiagatik, bai igarotzen ari nintzen momentu pertsonal batengatik. Momentu txar bat pasatzen ari nintzen, eta azken hilabeteetan frustrazio hori ateratzeko erabili dudan erreminta kirola izan da. Kirola ere hori bada, momentu zailetan aurrera egiteko igortzen dizkizun balio guztiak eta frustrazioak kudeatzeko laguntzen dizun tresna. Momentu txar horretan txanponaren aldea aldatzea eta ikustea noraino iritsi zaitezkeen, etxean garaipen bat baino zerbait gehiago izan da. Bai lasterketagatik, bai etorri den momentuagatik oso harro daudela uste dut.
Udan zein helburu jarri dituzu?
Galdera berdina egin zidaten beste elkarrizketa batean, eta, iaz, lasterketez nekatuta bukatu nuen. Iaz, Onditzen antolakuntzan laguntzen egon nintzen, pare bat blokeo nituelako. Lekeitiokoa ere ez nuen egin. Lehiatzeak gehiegi suposatzen zidan. Azkenean, neure buruari jartzen nizkion presio puntuengatik, estatu mailan lehiatzetik nentorren, eta bizitza beste modu batetik bideratzen duzu. Kirola ekonomikoki ez dago profesionalizatuta, baina entrenamendu orduei dagokienez bai.
Aurten ere ez nuen dortsalik jarri behar, baina aitarekin Zizurkilgo duatloia egin nuen, eta horrek berriro piztu zidan gogoa. Dortsala jartzea erabaki nuenean, alde positibotik egingo nuela esan nion neure buruari.
Orain, uda gozatzeko da, Onditz irabazi ala ez. Aurten, entrenatzaile gabe ibili naiz, disfrutatzen eta ez nuen helburutzat lasterketarik egitea, inertziaz etorri dira. Uda lagunekin egoteko, bizitza bizitzeko eta irteeratxoak egiteko dagoela uste dut. Gero ikusiko da.
Hiru kiroletatik zein nahiago duzu?
Korrika eta bizikletaren artean zalantza dut. Beti esaten dut korrika egin ezin dudanean edukitzen ditudala nire krisi existentzial handienak, dena kudeatzen laguntzen dit. Egia da bizikletak ere asko laguntzen didala eta frustrazio asko ateratzen dudala. Agian, hoberen egiten dudan kirola da.
Igeriketa da nire ahulgunea. Orain arte eduki ditudan entrenatzaile gehienek nire ahulgunea hobetzeko esaten zidaten. Nik neure buruari igeri ondo egiteko sekulako presioa jartzen nion. Aurten, aldiz, igerilekura ia ez naiz joan, soilik mantentzeko joan naiz. Egin dudan gehiena itsasoan izan da.

