Eguraldiak baldintzatutako Fabrika Bandera: emakumezkoak bertan behera eta Orio garaile
Orioko trainerua, artxiboko irudi batean. Eguraldi eta itsaso kaxkarrak erabat baldintzatu du larunbat arratsalde honetan Donostian jokatzekoa zen Fabrika Bandera. 15:30ean, Borja Rodrigo TKEko presidenteak “oraingoz” estropada jokatuko zela aurreratu bazuen ere, egoerak 180 graduko bira eman du hurrengo orduetan, bi ligetako probetan ezusteko handiak eraginez.
TKEk azpimarratu du, erabakiak hartzerako garaian, kirolarien segurtasuna izan dela lehentasun nagusia. Rodrigok adierazi duenez, erakundea etengabeko harremanetan egon da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin eta Itsas Kapitaintzarekin.
Emakumezkoak: planto orokorra
Euskotren Ligako estropada 17:15ean hastekoa zen arren, ordurako gidoia erabat aldatuta zegoen. Emakumezkoen zortzi klubetako entrenatzaile gehienek arraun egiteari uko egin diote, itsasoaren egoera ikusita.
Hasiera batean, Donostiarrak eta San Juanek ez dute plantoarekin bat egin. Izan ere, 17:50 aldera, Donostiarrak kaian jarraitzen zuen eta San Juan uretaratu egin da Aquarium ingururaino. Dena den, berehala badia barrura itzuli dira. Azkenik, 18:00ak baino lehen, Batzorde Teknikoak emakumezkoen estropada behin betiko bertan behera uztea erabaki du.
Gizonezkoak: Orio garaile, erlojupekoan
Gizonezkoen Eusko Label Ligako proba aurrera atera da, baina ez aurreikusitako moduan. Izan ere, TKEk estropada eremua aztertu duenean baliza bat mugituta zegoela ohartu da, eta horrek formatua aldatzera behartu ditu. Hala, 18:30ean hasi da estropada, erlojupean, eta 3. kaletik soilik jokatuta. Hiru txandak jarraian atera dira, lau minutuko tartearekin. Emaitzari dagokionez, Orio nagusitu da, Hondarribiari 23 segundoko alde nabarmena aterata.

