Haize ufadek ekarritako gau ahaztezin horietako bat
Cecile McLorin Salvant abeslaria, Trinitate plazan, Jazzaldiko kontzertuan.Lolo Vasco / Jazzaldia Arratsaldeko galerna haizea apur bat gelditu berritan, dena prest zegoen Trinitate plazan, Donostiako Jazzaldiko gau magiko horietako bat bizitzeko. Hain zuzen ere, jazz garaikidearen bi arlo oso desberdin ikusi eta entzun ahal izan zituzten plaza bete zuten zaleek, Azar Lawrencen eta Cecile McLorin Salvanten eskutik; hura gaua atzokoa!
“Zoriondu egin behar zaituzten, Espainiak Munduko Futbol Kopa irabazi duelako”, izan ziren Lawrencen lehenengo hitzak oholtzara igotzean, baita zale batzuen txaloak jaso ere; zorionez, hasiera baino askoz hobea izan zen kontzertua bera. John Coltrane maisuaren jaiotzaren mendeurrena ospatzera zetorren saxofoi jotzaile estatubatuarraren laukotea, eta tamainako erronka bati tamainako erantzuna eman zioten, emanaldi biribila eskainiz.
Erritmo biziko jazza, birtuosismoari tartea utziz, baina, abesti propio batzuk tartekatuta, Coltrane ahaztu gabe eta haren musika estilo propiotik interpretatuz, halaxe definitu daiteke kontzertua. Aipamen berezia merezi dute Brazilian girls abesti propioaren eta Coltraneren A Love Supreme-ren zuzeneko interpretazioek. Goraipatzekoa, halaber, laukoteko beste hiru musikariek hasieratik bukaerara egindako lana, bereziki, Benito Gonzales pianistaren errezitaldia eta Brandon Lee bateriak amaieran egindako solo izugarria.
Eta nabarmentzekoak, baita ere, nola ez, Lawrencek saxofoiarekin eskainitako doinuak; arratsaldeko galerna haizea ordezkatu zuen musikariaren haize instrumentuak.
Jazza baino askoz ere gehiago
Atsedenaldiaren ostean, eguzkia guztiz ezkutatuta eta itsasotik zetozen haize ufadak itzultzen ari zirenean, Cecile McLorin Salvanten laukotea igo zen Trinitate plazako oholtzara, ez ahazteko moduko kontzertu bat eskaintzeko. Jazz garaikideko ahots berezienetako bat da estatubatuarrarena, XX. mendearen hasierako AEBetako emakumezko abeslari handienen bidea jarraituz, jazza, bluesa eta vaudeville-a, besteak beste, bikain uztartuz.
Kontzertu ederra, elegantea, eskaini zuen abeslariak; errezitaldi bat. Jazz klasikoari helduta, baina modernizazioari bizkarra eman gabe, bluesa abesti bakanen batean ukituta eta, tarteka, ia antzerkia musikarekin uztartuz. Izan ere, ahots berezia edukitzeaz gain, interpretatzeko modu berezia ere badu McLorinek, eta antzerki edo ipuin kontaketa forma hartu zuten kanta batzuek, emanaldiari detaile bereziak gehituz.
Nabarmentzekoak, besteak beste, Sullivan Fortner pianistarekin batera abestutako Take this stone eta Changeable daddy o’mine abestiak, baita haize ufada gero eta indartsuagoek, giro soinua bailitzan, Urgulleko zuhaitzak astintzen zituzten bitartean frantsesez abestutako pieza bikainak ere. Tarteka, abeslariaren mikrofonotik sartzen zen haizea, baina horrek ez zuen, inondik inora, haren ahotsa estali; are gehiago, ukitu magikoagoa eman zion gauari, Trinitate plazako giro bereziari beste ukitu bat emanez.
Ingelesez eta frantsesez ez ezik, gaztelaniaz abestera ere animatu zen kontzertuaren amaieran, Puro teatro abestiaren interpretazio bikain batekin, zaleen gozamenerako. Don´t rain on my parade eder batekin itxi zuen emanaldia McLorinek, haizeak plaza astintzen zuen bitartean, entzuleak zutik jarriz.
Sarritan faltan botatzen den izaera handiko musika entzuteko parada eduki zuten atzo Trinitate plaza bete zutenek, beste behin ere. Eta musikarien lana izango zen, jazza izango zen edo haize ufadek zuhaitzak jotzean sortzen zuten giro soinu inspiragarria izango zen —edo, agian, dena batera—, baina Trinitate plazako jazz gau handi horietako bat izan zen atzokoa, ez ahazteko gau horietako bat.


