Donostiako 61. Jazzaldiak ia 180.000 ikusle bildu ditu
David Murrayren kontzertua, Jazzaldian, Trinitate plazan.Lolo Vasco / Jazzaldia Donostiako Jazzaldia Europako Jazz jaialdi handienetako bat dela berretsi da aurten ere, izan dituen emaitzengatik; guztira, 179.483 pertsona bertaratu dira aurtengo aldian antolatu dituzten 77 kontzertuetara.
Antolakuntzak publikoaren erantzun masiboa eta portaera eredugarria azpimarratu ditu, jendetza joan den arren, jaialdiaz inolako gorabeherarik gabe gozatu dutelako. Datuei erreparatuta, 16.272 sarrera saldu dituzte, 37 herrialdetan. Erosleen jatorri nagusiak Espainia, Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Alemania izan dira, Portugal, Italia, Belgika, Australia eta Suitzakoekin batera.
Sarrerak agortuta
Jendetza handiena bildu duen guneetako bat Keler Gunea izan da, Zurriola hondartzan. Bertan, LP eta Danielle Nicolek bi emanaldi bikain eskaini zituzten, eta, agertoki berean, ETS, Kokoshca, Nøgen eta HOFE euskal taldeek arrakasta handia izan zuten.
Giro intimoagoa eta magikoagoa bilatzen zutenek, berriz, San Telmo Museoko klaustroan izan dute topalekua; bertako goizeko zikloak sarrera guztiak agortu ditu antolatutako bost kontzertuetarako. Ikuslegoa sarrerarik gabe utzi zuten, baita ere, Diana Krallek, Pat Methenyk, Marcus Millerrek eta Samara Joyk. Horrez gain, jaialdian John Coltranen eta Miles Davisen omenezko emanaldiek ere arrakasta itzela izan dute.
Etxeko txikienei dagokienez, Txikijazz programak ere bere tokia sendotu du ezinbesteko hitzordu gisa, kalitate handiko lau kontzertu eskainiz haurrentzako zein adin guztietako ikasleentzako.
Nazioarteko aitortza
Antolakuntzak dioenez, musikarien aldetik ere hitz onak baino ez dira entzun. David Murrayren hitzetan, Donostiakoa “munduko Jazz jaialdirik onena” da, eta Joe Lovanok ere nabarmendu du bereziki “ohorea” dela berarentzat munduko festibalik onenetako batean egotea.
Arrakasta horren ondotik, Donostiako Jazzaldiak, jada, badu data hurrengo hitzordurako: 62. jaialdia 2027ko uztailaren 21etik 25era bitartean izango da.

