Greba eskubidea urratzeagatik 110.000 euroko zigorra jarri diote Metropolitan kirol zentroari
Metropolitan kirol zentroko langileak greban daude.ELA Apirilaren 13an hasi zuten Metropolitan kirol zentroko langileek greba mugagabea, ELA sindikatuak deituta, “lan baldintza duinak aldarrikatzeko”. Sindikatuak salatu duenez, kirol zentroko zuzendaritzako kideek grebalariei zegozkien lanak egin zituzten, “batez ere, garbiketa eta mantentze lanak”.
Gainera, sindikatuak adierazi du lan ikuskaritzak frogatutzat jo duela kirol zentroak langile berriak kontratatu dituela eta Metropolitan katearen beste zentro batzuetako langileak aldi baterako lekualdatu dituztela “greba egiten daudenak ordezkatzeko”.
Are gehiago, ebazpenean jaso dira “grebarekin bat egin ez zuten langileen ordutegi eta eginkizunetan egindako aldaketak”; hau da, grebarekin bat egin ez zuten langileek beste lan batzuk hartu behar izan zituzten, eskolek eta zerbitzuek aurrera jarrai zezaten. Gainera, Lan Ikuskaritzak adierazi duenez, enpresak ez ditu nahitaezko lanaldi erregistro batzuk eman, eta sindikatuak salatu du “dokumentazio falta horrek legez kanpoko ordezkapenak ezkutatzeko helburua” izan duela.
Horren aurrean, eta “gertakarien larritasuna dela eta”, ELA sindikatuak oinarrizko eskubideen babeserako demanda aurkeztu du Metropolitanen aurka, Lan Arloko Epaitegian.
Aldi berean, sindikatuak nabarmendu du ebazpenak “grebaren zilegitasuna” indartzen duela eta negoziazioei berriro ekiteko eta akordiorako bidea zabaltzeko eskatu dio enpresari.

