Jazz birtuosoa, Miles Davisi omenaldia eta flamenko pixka bat, itxiera borobil baterako
Erik Truffaz eta Antonio Lizana, Trinitate plazako Jazzaldiko kontzertuan.Lolo Vasco / Jazzaldia Ondo hastea bezain garrantzitsua da (edo gehiago) ondo bukatzea, eta, hori argi edukita, emanaldi bikaina programatu zuen Donostiako 61. Jazzaldiak iganderako Trinitate plazan, jaialdia behar bezala borobiltzeko. Vincent Peiraniren akordeoi birtuosoa lehenik eta Erik Truffazek eta Antonio Lizanak Miles Davisi egindako omenaldia ondoren, bukaera bikaina eman zioten aurtengo jazz zaleen zita handiari.
Peirani akordeoilari frantsesaren boskoteak jazz garaikidearen emanaldi bikaina eskaini zuen gaua irekitzeko, Living Being IV (Time Reflections) lana aurkeztuz. Peiranik hasieratik ikusleekin erakutsitako gertutasunak jendea kontzertuan sartzera eraman bazuen, are gehiago sartarazi zuen Perinarik akordeoiarekin eta Emile Parisienek saxofoi sopranoarekin eskainitako errezitaldiak. Hori guztia, noski, Yoann Serra (bateria), Julien Herne (baxua) eta Tony Paeleman (fender rhodes) taldekideek babestuta.
Jazzak bide asko dituela erakutsi zuen boskoteak, jazz garaikidea interpretatuz ez ezik, rock eta pop doinuak ere ukituz, erritmo biziko kontzertua eskainiz. Hain zuzen ere, Queen eta David Bowieren Under Pressure interpretatuz bukatu zuten, jazz kontzertu eder bat jazz kutsuko pop erritmora itxiz.
Davisen Espainiako bozetoen berrinterpretazioa
Bere jaiotzaren mendeurrenaren bueltan, Miles Davis jazz tronpetista handia omendu zuen Jazzaldiak aurtengo bere azken kontzertuan, Erik Truffaz eta Antonio Lizanaren eskutik. Sketches of Spain diskoa argitaratu zuen Davisek 1960an, jazzaren historian mugarria den lana, eta horren berrintepretazioa egiten ari dira Truffaz eta Lizana, New Sketches of Spain proiektuarekin; “irakurketa bat, lurraldetik”, Lizana cadiztarrak nabarmendu zuenez.
Davisek flamenkoaren doinuan ezagutu eta bere egin zituen disko hartan, jazzera ekarriz, eta interpretazio horiek berrinterpretatu zituen Truffaz eta Lizana buru dituen zortzikoteak Trinitate plazan, jazz doinuak flamenko doinuekin uztartuz, kantu flamenkoari tarteak eskainiz eta Sara Sanchezen dantza flamenkoarekin dena jantziz. Nabarmentzekoa Sanchezen lana, ez baita erraza jazz soloak flamenkotik dantzatzea, baina modu ikusgarri zein naturalean egiten du hori Sanchezek; ikusleen txalo gehien jaso zituen taldekideetako bat izan zen.
Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Concierto de Aranjuez-en Adagio-ren interpretazioa eta Rocas-en moduko konposizio propioak, Lizanaren eta Truffazen saxofoi eta tronpeta erakustaldiekin eta Pau Figueresen gitarra flamenkoarekin batera. Iaz agertoki berean Paco de Lucia omendu ostean, musikari handiak omentzeko talentua sobran duela erakutsi zuen Lizanak, Miles Davis mitoa omenduta. Eta Donostiak hori ikusteko pribilegioa eduki zuen. Hurrengo urtean gehiago!


