74. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialak ordezkaritza donostiarra izango du
'What remains' filmaren lagin bat.Donostia Zinemaldia Datorren irailaren 18tik 26ra ospatuko da Donostia Zinemaldiko 74. edizioa, eta Sail Ofizialaren argazkia osatzen jarraitzen du jaialdiak. Orain arte, hamasei lan iragarri dituzte atal nagusi horretarako: hamar film Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian arituko dira, eta gainerako seiak lehiaketaz kanpo edo proiekzio berezi gisa erakutsiko dira. Hautaketa horretan, badute lekurik Euskal Herriko zinemagileek.
Mikel Gurrea donostiarra film onenaren sari nagusia lortzeko hamar hautagaien artean egongo da bere lan berriarekin: Sants / Saints. Bestalde, beste bi euskal zuzendarik ere Sail Ofizialean parte hartuko dute. Kasu honetan, lehiaketaz kanpoko proiekzio berezien atalean. Batetik, Koldo Almandoz donostiarrak Azken Agurra / The Last Goodbye aurkeztuko du; bestetik, David Perez Sañudo bilbotarrak Sacamantecas / The Harvester erakutsiko du.
Urrezko Maskorrerako, hamar film
Sari nagusia lortzeko asmoz lehiatuko diren hamar filmei dagokienez, Gurrearen lanarekin batera Espainiako beste bi ekoizpen arituko dira: Roberto Buesoren El mal padre eta Javier Ruiz Calderaren 5 minutos más.
Horiei, berriki iragarri dituzten nazioarteko zazpi zinemagile ezagunen lanak batu zaizkie lehian: Pablo Larrain txiletarraren Mis muertos tristes / My Sad Dead, Mike Leigh britainiarraren Tender Loving Care, Nicole Garcia frantziarraren 7:40 ce matin-là / Milo, Yeşim Ustaoğlu turkiarraren Artakalan / What Remains, Benjamín Naishtat argentinarraren (Glaxo), Hans Petter Moland norvegiarraren Markens Grode / Growth of the Soil eta Maha Harada japoniarraren Muyou no hito / In My Father’s Room.
Lehiaz kanpokoak
Orotara iragarritako hamasei lan horietatik, lehiaketaz kanpo erakutsiko diren gainerako sei lanen artean —Almandoz eta Perez Sañudoren euskal filmez gain—, bi telesail aurkeztuko dituzte: Elena Martin Gimeno eta Sandra Romeroren El castillo, eta Carlos Torresen Más allá de la sociedad. Horrez gain, Espainiako beste bi film ere badaude lehiaketatik kanpo: Daniel Monzonen Ruega por nosotras eta Fernando Truebaren Bajañí.

