Amaikak Bat elkartearen danborradak Parte Zaharra zeharkatuko du San Ignazio egunean
Amaikak Bat danborrada, Plaza Berrian.Amaikak Bat Aurten ere, Amaikak Bat elkarteak uztailaren 31ko San Ignazio eguna ospatuko du. Horrela, ostiralean, Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiliko da elkarteko danborrada. 10:30ean abiatuko da Abuztuaren 31 kalean duten egoitzaren ataritik. Ordutik aurrera, auzoko hainbat gastronomia elkarte eta gune esanguratsu bisitatuko ditu.
2007an, elkarteak 100 urte bete zituenean, atera zuten lehen aldiz danborrada San Ignazio egunean, eta dagoeneko Amaika Baten ohitura berezienetako bat bihurtu da.
San Ignazio martxarekin abiatuko dute danborrada, eta goizeko une berezienetako bat 13:00ak inguruan izango da, Plaza Berrian. Donostiako Udaleko Txistulari Taldearekin eta dantzarien laguntzaz, honako pieza hauek interpretatuko dituzte: Gipuzkoako Himnoa, San Inazio, Goiburu, Antzinako Himnoa, Debako Martxa, Zaldi Zuriaren eta Antzinako Idiarena.

