Abuztuan hasiko dituzte EHUren Ibaetako campuseko ikasleen egoitza berriaren lanak
Eraitsiko diren campuseko eraikinak.EHU Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) datorren hilabetean hasiko da Ibaetako campuseko ikasleen egoitza berria eraikitzen. Horretarako, egungo campuseko pabiloiak eraitsi behar dituzte, alegia, egoitza berriak hartuko duen azaleraren zati bat hartzen dutenak.
Egoitza Manuel de Lardizabal pasealekuaren eta Berio pasealekuaren artean egongo da, Agud Querol unibertsitate egoitzaren, Zuzenbide Fakultatearen eta Ignacio Maria Barriola zentroaren artean. Zutik dauden pabiloien eraisketa abuztuan hasiko da.
Egoitza berriak 8.000 metro koadroko azalera hartuko du, eta bost eta sei solairuko hiru eraikinek osatuko dute. Guztira, 250 logela inguru egongo dira, hainbat motatakoak, banakako sukaldearekin eta doktoratu ondoko ikertzaileentzako hamar bat apartamentu txikirekin.
Sarrera nagusia Berio pasealekurantz egongo da, eraikinaren ipar-mendebaldeko muturra zeharkatzen duen arkupe ireki batetik. Beheko solairuan egongo dira kafetegia, gune komunak, coworking gunea eta EHUrentzat erreserbatutako 300 metro koadroko espazioa. Azken solairuan, campusera begira dagoen bolumenean, solariuma eta gimnasioa jarriko dira.
Egoitza berri horrek graduko eta graduondoko ikasleen bizitoki eskaera handiari erantzungo dio, eta gelen %85 erreserbatuko da ikasleentzat. Gainerako erabiltzaileak nazioarteko ikasleak, irakasle eta ikertzaile bisitariak eta unibertsitate munduari lotutako bestelako pertsona egoiliarrak izango dira.

