DOPAk Osakidetzaren konpromiso falta salatu du
DOPAk uztailean prentsaurrekoa egin zuen jasotako erantzun eza salatu eta beste pausu bat emango dutela adieraziz.Maddi Viana Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko herri plataforma (DOPA) uztailaren 17an Osakidetzako zuzendari Lore Bilbaorekin eta Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) gerente Maite Martinez de Albenizekin bildu zen.
Bertan, DOPAk Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneak (EAG) egoera txarrean daudela salatu zuen eta konponbide “zehatzak” eskatu zituen.
“Donostialdeko EAGn egoera EAEko gainerako ESIena baino okerragoa da”, azpimarratu du DOPAk. Plataformaren aburuz, eskualde honetan urteak daramatzate Osakidetzaren hitzen arabera “berregituratzen”, eta beraien hitzen arabera murrizketak pairatzen.
Gaur egun, DOPAk partekatu duenez, Donostialdean, soilik lau EAG daude gutxieneko mediku, erizain eta administraria dutenak: Bengoetxea, Iztieta, Zarautz eta Hernani. Ondorioz, egoera “jasanezina” dela salatu dute. Gainera, bileran “autokritikarik gabeko autokonplazentzia” eta “datu zehatzen falta” nabaritu zuen eragileak.
Plataformak hitzetatik ekintzetara pasatzeko “beharra” azpimarratu du, izan ere, Osakidetzak eta ESIak “baloiak kanpora botatzeko” joera dutela salatu du.
Bileran elkar entzun izan zuten arren, landu gabeko gaiak geratu ziren eta plataformak konpromiso falta handia nabaritu zuen. Beraz, DOPAk “hutsuneak identifikatzen” eta “kalitatezko osasun sistema publiko euskalduna izateko irtenbideak eskatzen” jarraituko duela adierazi du.

