«Sagueseko kontzertua berezia izango da; sorpresaren bat ere egongo da»
Etzakit taldeak 23 urteren ondoren ekin dio, berriz ere, oholtza gaineko bideari. Oialumen abiatu zuten itzulera, eta, ordutik, hainbat kontzertu eskaini dituzte Euskal Herrian. Abuztuaren 15ean Donostiako Aste Nagusian ariko dira, Saguesen, eta kontzertu hori baliatu dugu Aitor Zabaleta Alduntzin taldeko kidearekin Etzakiten itzuleraz eta bizi duten uneaz hitz egiteko.
Etzakit taldea.Etzakit 2026an oholtza gainera bueltatu zarete, 2003az geroztik, lehen aldiz. Zerk bultzatu zaituzte berriro martxan jartzera?
Harremanetan jarraitu dugu urteotan. Taldeko hiru Esne Beltzako kide ginen, eta bestela ere harremana mantendu dugu urte hauetan guztietan. Tarteka azaltzen zen Etzakiten kontua, zerbait egiteko aukera, baina sekula ez genuen serio hartu. Pasa den urtean, 30 urte bete ziren Etzakit sortu zenetik, eta aitzakia hori hartuta hasi ginen mugitzen. Ez da erraza berriz elkartzea, entseguak egitea eta bakoitzaren lanak, familiak eta erritmoak uztartzea, baina, azkenean, adostasun batera iritsi ginen.
Egia esan, ez geneukan asmo zehatzik, baina egia da urtero jasotzen genuela herriren batetik dei edo proposamenen bat kontzerturen bat egiteko. Afari batean hasi ginen hizketan, gero beste batean, eta hortik atera zen Oialumen lehen kontzertu bat egiteko ideia; azkenean, hiru izan zirenak. Hori bai, bi gauza oso argi genituen: lehen kontzertua Oialumen izango zela eta urtarrilaren 5ean egingo genuela, Etzakit urtarrilaren 5ean hasi eta egun berean bukatu zelako. Azkenean, urtarrilaren 2an, 3an eta 5ean jo genuen.
Ordutik, kontzertu gehiago egin dituzue.
Oialumeko kontzertuak amaitu bezain pronto, dei pila-pila bat jaso genituen, herri askotatik. Guk ez genuen asmorik jarraitzeko, baina berriz elkartu, hitz egin eta kontzertu kopuru mugatu bat egitea erabaki genuen, hamar inguru. Ez genuen urte osoko kontzertu bira egin nahi, bakoitzak bere lana, familia eta bizimodua dituelako. Horregatik, kopurua mugatu genuen, hasieratik.
Dagoeneko jo dugu EHZn —nahiz eta hiru kanturen ondoren eten behar izan genuen eguraldia zela eta—, Markinan, Sopelan, Iruñean eta Gasteizen.
“Garai hartakoek eta gaur egungo gazteek batera abesten dituzte kantu batzuk, eta horrek poz handia ematen digu”
Nolakoa izaten ari da itzulera taldekideentzat? Zer nolakoa izan da publikoaren harrera?
Guretzat, oso berezia izaten ari da. Ez soilik Oialumen gertatutakoa, hura izugarria izan zen, baizik eta ondorengo kontzertu guztiak ere bai. Kontzertua bera baino gehiago da: arratsaldeko lauetan elkartu, kafea hartu, furgonetan sartu eta elkarrekin joatea. Horrek oroitzapen asko ekartzen dizkigu. Jendearen aldetik ere oso polita izaten ari da. Garai hartako gazte asko etortzen dira guregana, baina baita oraingo gazteak ere. Gainera, harrituta gaude ikusita abesti batzuk oraindik ere nola funtzionatzen duten. Garai hartakoek eta gaur egungo gazteek batera abesten dituzte kantu batzuk, eta horrek poz handia ematen digu.
2003ko Etzakit eta 2026ko Etzakit zertan dira desberdinak? Asko aldatu da musika sektorearen panorama?
Taldeari dagokionez, ez dut uste asko aldatu garenik. Entseguekin berriro ere hasi ginenean, lehenengoan ez, baina bigarrenetik aurrera elkarri esaten genion: «Orain dela 25 urte zuen soinu bera du honek!». Hainbeste urte elkarrekin jo gabe egon ondoren, berriz ere soinu bera eta konplizitate bera nabaritu genituen. Egia da urte hauetan guztietan musika mundutik urrundu gabe ibili garela Jon Mari, Xabi, Ander eta ni, eta horrek lagundu du berriz konektatzen.
Panorama musikalari dagokionez, iruditzen zait, azken urteotan, berriz ere plaza giroko taldeek gora egin dutela. Gazte askok trikiti taldeak, txarangak eta plaza giroko kontzertuak nahi dituzte berriro. Ez da gure garaian izandako boom bera, baina antzeko zerbait sumatzen da. Ikusi besterik ez dago Gozategiren moduko talde batek gaur egun nola betetzen dituen plazak. Horrek esperantza ematen dit. Makro kontzertuak ere hor daude, baina herri giroko festek eta plazek indarra hartu dute berriz.
“Gazte askok trikiti taldeak, txarangak eta plaza giroko kontzertuak nahi dituzte berriro”
Itzuleran bizi izan duzuen une berezirik?
Oialumeko azken kontzertua amaitu ondorengoa. Tentsio handiko hiru kontzertu izan ziren, urduritasunagatik, hainbeste urte eta gero berriz oholtza gainera igotzea eta jendea gu ikustera etortzea… Kontzertua bukatu, eszenatokitik jaitsi eta sekulako besarkada eman genion elkarri, “listo, pasatu dira kontzertuak, eta gainera oso ondo joan dira”, esango bagenu bezala. Oso hunkigarria izan zen. Iruñeko kontzertua ere berezia izan zen. Gaztelu plazan jotzea oso garrantzitsua zen guretzat, eta han ere antzeko besarkada eman genuen.
Taldea hasi berria zeneko eta egungo publikoa berdina da?
Kontzertuetan denetik ikusten dugu. Adin guztietako jendea izaten da, nahiz eta gehienak adin batetik gorakoak izan. Hala ere, ez nizuke esango garai hartakoak soilik zirenik, baina Oialumen, esaterako, bai 28 urtetik gorako jende asko zegoela. Gazteak ere etortzen dira, baina nabari da adinaren araberako aldea.
Donostiako Aste Nagusian Saguesen joko duzue.
Bai. Sagues plaza izugarria da. Plaza handia eta oso ona da jotzeko, bertara doan jendea propio joaten delako taldea ikustera; ez da paseoan harrapatzen zaituen leku bat. Horrek tenperatura hartzeko oso kontzertu ona bihurtzen du. Nik bertan jo izan dut beste proiektu batzuekin, eta sortzen den giroa izugarria da. Gainera, talde gipuzkoarra izanik, berezia da guretzat. Hortaz, kontzertu berezia izango dela uste dut, eta sorpresaren bat ere egongo da.
Zer espero duzue Aste Nagusiko kontzertutik?
Giro berezi eta dantzagarria sortzea. Lehen aipatzen nuen plaza giro hori berriz ere agertzea, jendea elkarrekin kantuan eta dantzan ikustea. Hori nahiko nuke, eta uste dut hala izango dela.
Beste kontzerturik izango duzue?
Irailean beste bi kontzertu izango ditugu, oraindik iragarri ezin ditugunak. Ondoren, printzipioz azkena dena, abenduaren 10ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian. Jendea animatuko nuke kontzertuetara etortzera, bai Donostiara, bai ondorengoetara, gutxi izango baitira aurtengo Etzakiten kontzertuak.



