Ulia auzo elkarteak salatu du GOEn jatetxea eta pizzeria bana irekitzeko asmoa
Basque Culinary Centerren GOE eraikina.Beñat Parra Donostiako Udaleko alkateari eta zinegotziei zuzendutako idatzi batean, Basque Culinary Centerren Manteoko eraikinaren solairuan taberna-pizzeria bat jartzea gaitzetsi du Uliako Auzo Elkarteak, baita jada abian den jatetxe bat izatea ere. Irakaskuntza zentroa izatearen aitzakiapean “diru gose asegaitza” ezkutatzen dutela diote, izan ere, idatzian nabarmendu dutenez, Grosen ehundik gora ostalaritza establezimendu daude, “alokairuak eta zergak” ordaintzen dituztenak. Horregatik, “onartezintzat jo dute” erabilera horiek “irabazi asmorik gabeko irakaskuntza zentro” baten mozorropean ezartzea.
Halaber, beste behin gaitzetsi dute adinekoentzako zuzkidura etxeak eta ekipamendu publikoak eraikitzeko aurreikusita zegoen diru publikoa “negozio pribatu bat eraikitzeko” desbideratu izana, eta ez lehiaketa publikorik ezta udalbatzarraren erabakirik gabe ere laga zitzaiola gogoratu dute.
Egoera honen aurrean, udalari eskatu diote “beste alde batera ez begiratzeko” eta berehala eteteko ekipamendu lursailean sartutako jatetxe erabilera.

