Dunkel und licht
Daniil Trifonov pianista.Iñigo Ibañez / Musika Hamabostaldia Musika egin egin behar da. Ez da zeru betierekotik eratorritako enigma magiko bat. Bere iraunkortasun ezak eta unean agertzen bezala desagertzen doan diziplina bat izateak, kontrakoa iradoki diezagukete; baina eskulturagileak zizel eta mailuarekin nola, horrelaxe moldeatu ei du interpreteak musikaren materia beti bizi eta irristakorra. Artisautzatik ugari du, beraz, musikak. Paperean zuri-beltza dena ondo itzultzen asmatzetik. Konposatzaileak mapa gisako horretan utzitako pistei jarraituz, portu onera iristen jakitetik, finean. Nahi baino beranduago ekin diet aurtengo Donostiako Musika Hamabostaldian kronista zereginei, lehenagotik neuri egokitu baitzait musika aletze horretan aritzea, eskuak masa artean dituen okinak lez. Kostata, baina estreinaldia ezin zitekeen hobea izan. Argi-ilunen eskaparate gogoangarri bat eraiki –unean piezaz pieza muntatu– baitziguten Daniel Harding zuzendari britainiarraren batutapean aritu zen Mahler Chamber orkestrak eta Daniel Trifonov pianista errusiarrak.
Aipatzen dut argi-ilunena, iruditu zitzaidalako egitarauaren bi zatiak oso zirela kontrastanteak. Johannes Brahms, musikari akademizista eta muturreraino zorrotz eta zehatzak, Bachek mende bat aurrerago musikari eskainitako pentsamendu arkitektonikoa mantentzen saiatu zen, erromantizismo ordukoak ezarri nahi zizkion flexibilitate formal nahiz kontzepzio libreagoen presioei ihes eginez. 1854an ekin zion atzokoan entzun genuen Piano eta orkestrarako lehen kontzertua idazteari. Bere lagun Robert Schumannek –erromantiko porrokatuagoa hau– izaniko arazo mentalek eta suizidio saiakerak eragin nabarmena izan zuten idazkeraren hastapenetan. Hortik, lehen mugimendu zabal eta dentsoaren iluntasuna. Kutsu sinfoniko ukaezina duen lehen koadro honetan, Trifonov bestelako bat sumatu genuen hasieratik. Ohituak gauzka entzuleok bere gorputzaren mugimendu etengabera, gehiegikeria gestualetik bere marka pertsonala egitera. Bart materialari utzi zion hitz egiten. Lehen gai dramatikoari, bigarren sekzio patxadatsuak hartzen dio testigua. Koral alemaniar baten tankeran –Bachen akademia bueltan-, itzela da Brahmsek musika eraikitzen joateko duen modua. Garaiko beste hainbat piano kontzertuk, interpretearen fakultateak bistaratzeko bertutea dute; Brahmsenean, ordea, guztia izan zen atzo luzimendurako bide. Izan zuzendariaren maisutasuna bakarlariaren nahiz orkestraren zatiak josterakoan, izan hari konpaktuaren interbentzio oro, bigarren mugimenduko haize bikoteen interbentzioak, Trifonov beraren itzalpeko lana testura orkestrala dotoretuz, etab.
Lehen gai dramatikoari, bigarren sekzio patxadatsuak hartzen dio testigua. Koral alemaniar baten tankeran, itzela da Brahmsek musika eraikitzen joateko duen modua
Adagioan, temporik motelenean, Harding eta Trifonovek beiragile parearen itxura hartu zutelakoan nago. Hauskorra eta material elementalekin Brahmsek marraztua, suaren pean jarri eta apurka putz eginez moldatzen joan ziren. Lirikotasun handiko piano bat desplegatu zuen orduan bigarrenak, tinbre zainduz, pianissimoari aise helduz. Aipatu nuen, atsedenaldiaren abrigura, Iñar Sastre pianistarekin, auditorioaren akustika bera eta Trifonovek parean zuen pianoa beste batzuk izan balira, une hartan goia jo izango zukeela gauak. Hirugarren mugimendu folklorikoagoak, dantza hungariarren oihartzunak inprimatuta daramatzanak, instrumentu aurrean eseritako pianista soil eta urrunekoa unean transformatu zuen. Pedala hankarekin zanpatzea eta bizitasunez azken portuari ekitea bat izan ziren. Orkestra beti fidelak azkar hartu zion tonua Trifonovek nahi zuenari, tenpo biziari bikain eutsiz eta bigarren mugimenduko argitasunaren ostean, dramatismo –orain bai– erromantiko erabatekoz blaitutako amaiera boteretsua eskainiz.
Beti da konplexua, nire aburuz, Brahmsen territorioetan sartzea. Bai entzule gisa nahiz interprete moduan. Atzoko lehen zatiak berak ere, atsedeneko txanpaina kopaz gaindiko zerbait behar zuen digestio egoki bat egiteko. Konstrukzio handiak dira, Brahms arkitektoarenak; eta horrexek berak, zailtasun horri atzo emaniko irteerak, egin zuen txalogarri taula gainekoen lana. Aipaturiko xanpain kopa atsedenaldian zenbaitek dastatu ostean –idazten duenak apenas izan zuen denborarik isiltzeko–, garaiz Brahmsi hain urrunekoa ez zaion baino estiloz erabat desberdina den lan bat genuen zain. Antonin Dvoraken lanak entzun behar lituzke, auditorio batera lehendabizikoz gerturatzen den batek. Hala ziozkun beti Oskar Martinez Gereñu, kontserbatorio garaiko irakasle estimatuak. Melodiaren lanketa gustagarria, errepikapen motibiko ezaguterrazak eta folklorearen erabilera arrakastatsua. Lehen esperientzia baterako, bidaide aparta.
Miriam Moñux bergararrak lehen biolinen bigarren atrila partekatzen zuela –bejondeizula, Miriam!–, atera zen Harding bere dotorezia britainiarra soinean. Bi zuzendari gaztek aipatua zidaten deskantsuan: bere keinuan ezer ez da soberakoa, eta egiten duen oro da efektiboa. Maidagan eta Enparantza dixerunt, kasu egin beharko. Flautaren introdukzio jostariak bide ematen zion lehen mugimendu alai eta brillanteari. Ordurako ahaztua genuen Brahmsen dentsitate alemana. Lehen atal horretan agian orkestrak bolumen gehiegizkoa atera zuen forteetan. Berrogei pertsona inguruko orkestra izanik, zetazkoak zituzten pianoak; baina zenbaitetan forte kontrolik gabeak sumatu genituen. Harding, ordea, ari zen berean. Garra behar zenean, gerri azpitik atrilera hurbilduz. Etereoa behar zuenean kontuak, batuta zerutiartuz. Hirugarren mugimendua, bigarrengoari jarraituz segidan atakatua, guztiz izan zen ederra. Balsaren erritmoa moteldu zuen britainiarrak, Dvorakek barruko ahotsei eskainitako guztia zukutzeko. Amaierako metal jokuek –hemen forte boteretsu eta justifikatuekin– amaiera eman zioten argitasunez betetako bigarren zatiari.
Atera nintzen handik pentsatzen: musika egin egin behar da. Eta zeinen konplexua den egite hori ondo bideratzea.

