Bagerak eta Jaraneroek eman diote hasiera Aste Nagusi Piratari
Bagerak eta Jaraneroek eman dute txupinazoa.Joseba Parron San Sebastian Amets Ibero Bagerako koordinatzaileak eta Maria Irigoien Jaranero kofradiako kideak eman diote hasiera Aste Nagusi Piratari. Hainbat izan dira KASen aldeko aldarriak txupinazo piratan, bai karteletan eta baita esandakoetan ere. Bagerak eta Donostiako Piratek argi dute: Elkartasuna edo kalean dagoen jendeari afariak ematea ez dira delitua.
Bagerako kideak gorroto diskurtsoak gaitzesten dituztela adierazi du eta ez direla ez gertakari isolatuak, ezta kasualitatea ere, erreakzio antolatuak dira. Haien aurrean euskaraz komunitatea antolatu behar dela gaineratu du Iberok: “Inoiz baino gehiago euskaraz eta euskaratik antolatzen jarraitu behar dugu, auzoz auzo eta kofradiaz kofradia: gorrotoaren aurrean, elkartasuna. Faxismoaren aurrean, komunitate antolatu euskalduna”.
Turistifikazioaren aurka ere egin du elkarte euskaltzaleak eta herri eta auzoetan euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi izan du. Azkenik, euskarak “doakoa, unibertsala, eskuragarria eta guztiona” izan behar duela nabarmendu du Iberok.
Jaraneroen kofradiak hamar urte bete dituen honetan Ezkila izatea egokitu zaio kofradiari; gogorarazi dute auzolana dela piraten lema eta denak “txalupa transfeminista eta antiarrazistara” igotzera gonbidatu ditu Irigoienek, “askatasunaren bela altxatuz eta harresi guztiak puskatuz”. Amaitzeko, Jaraneroen kideak gogorarazi du Donostiako Piratek ez dituztela inolako eraso matxista, arrazista edo transfoborik onartuko.
Besterik gabe, ondoren Aste Nagusi Piratako txupinazoan jaso ditugun bideoa eta hainbat argazki:

