«Jaia ikasturteari amaiera emateko eta Aste Nagusiari hasiera emateko modu polita da»
Kanoikadan parte hartuko duten dantza taldeen ordezkariak.Inge Arzensek Kanoikada gaur 19:00etan botako dute eta, aurten, Donostiako zortzi dantza taldek parte hartuko dute: Antiguotarrak, Arkaitz, Eskola, Gero Axular, Goizaldi, Herri dantza, Trebeska eta Kresala. Hortaz, udaletxearen balkoian guztira 48 dantzari egongo dira.
Bezperan, hilaren 7an, Aste Nagusiko egitarauari buruzko topaketa egin zuten. Bertan, kanoikadan parte hartuko duten zortzi taldetako lau ordezkari egon ziren Juan Luis Unzurrunzaga (Gero Axular), Ane Ubarretxena (Eskola), Enara Lardizabal (Kresala) eta Nerea Unanue (Arkaitz).
Prentsaurrekoan, jaietako zinegotzi Ana Lopezek talde hauei urtean zehar egiten duten lanarengatik aitorpena egin zien. Bestalde, Donstiako dantza talde sarea handia dela eta, denak jaien hasieran ez direla sartzen adierazi zuen, baina “zortzi talde hauek beste guztien ordezkari izango direla” ziurtatu zuen atzo.
Gainera, kanoikada amaitzean egingo duten dantzan parte hartzeko gonbidapena luzatu zuen: “Behin kanoikada bukatzean hiritar guztiak gonbidatzen ditugu gurekin fandangoa eta arin arina dantzatzera”.
Juan Luis Unzurrrunzagak ere herritarrak amaieran egingo den dantzan parte hartzera animatu zituen: “Oso polita da denok elkarrekin dantza egitea, bakoitzak nahi duen moduan ez baita txapelketa”. Ondoren, dantza eta jendea betidanik oso lotuta egon direla aipatu zuen: ongi etorriak egiteko, jaialdietarako, ondo pasatzeko, eta abar. Horregatik, altxor “hau” mantentzeko garrantzia azpimarratu zuen.
Eskola taldeko Ane Ubarretxenarentzat euskal dantzak egun garrantzitsuenetan ikusgarritasuna izatea oso polita iruditzen zaio, izan ere, euskal dantza are pertsona gehiagora iristea gustatuko litzaioke.
Kresala taldeko Enara Lardizabalek ikasturtean zehar egindako lanari garrantzia eman zion: “Jaia ikasturteari amaiera emateko eta Aste Nagusiari hasiera emateko modu polita da”. Halaber, gaur biziko duten bezalako uneak beste taldeetako dantzariekin harremana mantentzeko momentu oso aproposak direla baieztatu zuen.
Azkenik, Arkaitz taldeak aurten 100 urte bete ditu eta, hortaz, Nerea Unanuek “urte oso berezia” dela adierazi zuen atzo. Gainera, hilaren 15ean, Aste Nagusia amaitzeko, Parte Zaharreko kaleetan folklore dantzetan ibiliko direla gogorarazi zuen. Bukatzeko, denen antzera, euskal dantza Aste Nagusian presente egoteak oso pozik jartzen duela aitortu zuen.
Zinegotziak ere dantzaren aldeko apustua egin zuen: “Hau dantza egiteko gonbidapena da, egun horretan eta hurrengoetan, denok ikasi dugulako dantza egiten, animatu!”.

