Zezenketak egiterik ez dutela nahi aldarrikatu dute beste behin
Zezenketen aurkako manifestazioa egin dute kanoikadaren aurretik. Joseba Parron San Sebastian Hirurehun bat lagunek parte hartu dute Zezenketen Aurkako Gipuzkoako Plataformak antolatutako manifestazioan. Ohikoa den moduan, Aste Nagusia hasi baino ordubete lehenago egin dute Zezenak bizirik, zezenketarik ez, ez Donostian, ez inon! lelopean protesta ekintza, Bulebarreko kiosko aurretik abiatuta.
Irten baino minutu batzuk lehenago, gero eramango zituzten pankartak zabalguneko lurrean jarrita zituzten, eta kideetako batek toreroz jantzitako panpina puzgarri bat zuen eskutan, Jon Insausti alkatearen aurpegia zuena. Panpinak mezu bat idatzita zuen: “Baimena emateak konplize bilakatzen zaitu”. Gainera, plataformako kide Maite Gartziak adierazpenak egin ditu. Elkartzeko arrazoia azaldu du lehenik: Heriotza “agoniko” baten aurretik hamabost minutuz torturatzen duten animalia babesgabe batekin “enpatizatzeko gai” direla; eta berretsi du ez dutela Donostia “halako basakeria bati lotua” egoterik nahi, ezta hura sustatzeri edota haren bidez dirua egiterik ere. Ondorioz, “isilarazi nahi” badituzte ere, kalera irteten jarraituko dutela ohartarazi du.
Amaieran, berriz, elkarteko bozeramaileek manifestu bat irakurri dute, datozen hamarkadetarako hiri ereduan tauromakiak izan dezakeen tokia zalantzan jarriz. “Nola egiten dute bat zezenketek Donostiaren etorkizunarekin? Ez dute lekurik errespetuan, jasangarritasunean eta enpatian ‘top’ izan nahi duen hiri batean”, galdetu dute Donostia Topera egitasmoari erreferentzia eginez. Halaber, duela urte batzuk zezenketen aurka egindako sinadura bilketa ere gogorarazi dute eta orduan herritarren zati batek adierazitako jarrera kontuan hartzeko eskatu diote udal gobernuari.
Manifestazioa animalien sufrimendurik gabeko jaien aldeko aldarrikapenarekin amaitu da,

