Werner Herzogek aurtengo Donostia Sarietako bat jasoko du
Werner Herzog zinemagile alemaniarrak jasoko du aurten Zinemaldiak emango dituen Donostia Sarietako bat. Zinemaldiaren irekiera galan emango diote garaikurra, bere ibilbide profesionalaren aintzatespen gisa, eta jarraian, bere azken film luzea proiektatuko dute, hau da, Veneziako Mostran estreinatu zuen Bucking fastard. Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Glesson protagonista dituen lanak bi ahizpa bikiren ezohiko istorioa kontatzen du: aho batez hitz egiten dute, gizon bera maite dute eta amets berberak dituzte.
1942an Munichen jaio, baina Bavariako mendietako urruneko haran batean hazi zen Werner Herzog. 11 urte bete arte ez zuen ezta zinemaren existentziaren berri. 15 urterekin hasi zen zinema-proiektuak garatzen, eta, inork ez zituenez, agidanez, proiektu horiek finantzatu nahi, institutuko azken ikasturteetan altzairu-fabrika bateko gaueko txandan aritu zen lanean soldatzaile gisa. Halaber, oinez bidaiatzen hasi zen. 17 urterekin egin zuen lehen telefono deia eta bi urte geroago, lehen filma. Harrez geroztik, 80 bat film idatzi, ekoitzi eta zuzendu ditu. Hala nola, Aguirre, der zorn Gottes, Fitzcarraldo, eta Grizzly man. Bestalde, poesia liburuak argitaratu ditu eta aktore lanetan ibili da.
Sei hamarkadatik gora darama zinemagintzan, ezohiko obra eratu du bere ibilbidean obsesioa, egoera larriak eta giza naturaren kontraesanek itxuratuta egonik bere lanak. Herzogen filmak —nola fikziozkoak hala ez-fikziozkoak— protagonista ameslari eta konkistatzailez —paisaia bortitzei eta kontroletik kanpoko indarrei aurre egin behar dietenez— beteta daude. “Estasizko egiaz” duen kontzeptuak gidatuta, Herzogek gertakarien behaketa hutsa gainditzen duen zinema defendatzen du, errealitatearen beste alderdi bat erakusteko, sakon eta poetikoagoa.

