Doctrina sonorum
Manuel Ruiz kontratenorraMusika Hamabostaldia Nioen pasa denean, Kursaaleko kuboetan entzundako lehen kontzertu itzelaren hondarrean, musikak behar duela artisau baten lana, argitara aterako bada behintzat. Musika egite horretan, margolariak pintzela astintzen duen gisara, musikariak soinuarekin egin behar ditu tratuak: borroka etsigarriak hainbatetan, konfluentzia pozez beteak, bestetan. Fisikoa da soinuaren fundamentua. Espazioan eta denboran hedatzen diren frekuentzien festibal konplexua. Egitate hori, musikaren errebelazio beti txundigarria, leku konkretu batean gertatu ohi da. Izan katedral erromaniko, auditorio abangoardista edo mendi magal zelaitsu —Zeberio eta konpainiak hor diraute, naturaren akustika probestuz Ur Mugan—, musikariak beti izan ohi du kaxa bat, bere interpretazioa jasoko duena. Hamabostaldiko lehen astea amaitzeko, gotorleku itxura duen Zumaiako San Pedro elizara gerturatu nintzen. Bertan bizitakoak bide eman zidan musikaren mundu beti partikular honetan ezinbestekoa den faktore bati buruz hausnartzeko. Akustikari erreparatzeko, alegia.
Izan ere, Gipuzkoako kostara hurbildu zitzaigun Iliber Ensemble taldeak –Dario Tamayo klabezinista eta zuzendari granadarra buru zutela– eta Manuel Ruiz kontratenorrak, ez zuten adiskiderik lagungarriena aurkitu eliza benetan zoragarri horretan. Juan Antxieta azpeitiarraren erretaula flandiar apartaren pean, taldeak XVIII. mendeko opera zenbaitetan heroiaren figurak izaniko ezaugarriak begitandu nahi izan zizkigun, miniaturazkoa zirudien opera bat errepresentatu nahirik. Nabari zitzaion programari berari eta zuzendariak eskainitako azalpenei, bazekitela Andaluzia aldetik etorritakoak zertan ari ziren. Haendel, Scarlatti edota Vivaldi bezalako izen handien lanei, ezezagunagoak zitzaizkigun Brescianello, Legrenzi edota Hasseren lanak batu zitzaizkien aipaturiko kontratenorraren ahotsean. Irakurle batek baino gehiagok, behin hona iritsita, galdetuko dio bere buruari zer den kontratenor baten figura. Garai bateko castrati edo ume zikiratuak ez bezala, gizon abeslarien arteko erregistrorik agudoena izanda ere, kontratenorra buruko erregistroaz nahiz faltsetearen enplegu finaz baliatzen den abeslari heldua da. Emakumeen erregistroak —izan soprano, mezzo ala kontralto— aise harrapatzeko gai diren musikari apartak ditugu, beraz. Philippe Jaroussky ala Jakub Orlinski lirateke egun, liga berezi horretan goiko postuetan dabiltzanak, XVII eta XVIII. mendeetako opera italiarrean arrakasta itzela izan zuten paperei dirdira atereaz.
Haendel, Scarlatti edota Vivaldi bezalako izen handien lanei, ezezagunagoak zitzaizkigun Brescianello, Legrenzi edota Hasseren lanak batu zitzaizkien aipaturiko kontratenorraren ahotsean.
Manuel Ruiz kordobarra fin aritu zen eszenaratze bakoitzean. Arestian aipatu bezala, opera txiki baten gisara zuten prestatua saioa. Hiru zatitan banatua, Antxietaren erretaula beraren hirukotasunari keinu eginez. Zati bakoitza irekitzen zuen pieza instrumentaletan nabari izan genuen gehien akustikak egun horretan zuen etsai aurpegia. Musika barrokoa izaki, noten artean dauden hutsune txikitxoek –artikulazioak, gaian jarrientzat– ez zuten izan inolako luzimendurik. Espazioa lagun ez zaizunean, edo bat, tempo guztiak eta musika egiteko belozidadea jaisten duzu; edo bi, hutsunetxo horiek areagotzen saiatzen zara, musikak berak arnas hartu dezan beste modu batera. Aipatzen nion ezagunen bati parrokiako eskailera tzarrak jaitsi ordurako: gaurkoa, ahoan mozal bat duen errezitatzailea entzutea bezalakoa izan da. Ari zirela bai, baina zertan ari ziren, ezta aztarna ttipirik ere.
Pena izan ziren, beraz, zati bakoitzaren preludio gisa planteatutako pieza instrumentalak. Horien ostean, agertzen zen dotore eta heroiaren paperean aise sarturik, Ruiz abeslaria. Erraz bere melisma eta ahotsaren inflexio hainbatetan. Zeinen liluragarria zaigun beti ahotsaren erabiltze birtuosoa. Hain zaigu guztioi organikoa ahotsa —hitz egiteko, abesten saiatzeko, txistu egiteko— eta zeinen konplikatua den, aldi berean, berarekin musika fin eta sakon egitea. Rinaldo, Julio Zesar edota Orlando heroien paperean, Ruizek teknika eta espresibitate lezio bat oparitu zigun, Haendelen Laschia ch’io pianga ezagunaren bertsio zaindu batekin amaitu zuelarik gaueko jarduna. Bi biolin, biola bat, biolontxeloa nahiz kontrabaxua batzen zituen ensembleak, Tamayo zuzendariarekin klabezinarekin bat eginda, apart lagundu zioten –akustikari kontra egin gabe– azken propina gisako honetan. Baita aurretik Scarlattiren La Giuditta operako Dormi, o fulmine di guerra pasarte sentikorrean ere. Bi une horietan gozatu nuen gehien, orokorrean entzumenarentzat ez hain atsegina izan zen arratsean.
Meritua musikariena, ezbairik gabe, beraiek aukeratu gabeko leku hartan aritzeagatik. Hala ere, Donostiako Musika Hamabostaldikoei aipatuko nieke gorde dezatela benetan ederra den tenplua, beste proposamen batzuetarako etorkizunean. Doktrina sonoroa lagun izan behar du musikariak, hura baitu egite etengabearen lehen hartzaile eta testigu.

