Eklipseari buruzko galdera gakoak
Azkenean heldu da eklipsearen eguna. Bizitzan behin gertatzen den fenomeno honi buruzko funtsezko informazioaren berri izateko, Aranzadi Zientzia Elkartera jo du IRUTXULOKO HITZAk. Astronomia saileko kide Virginia Garciak erantzun ditu galdera garrantzitsuenak.
Zer da eguzki eklipse bat?
Eguzki eklipsea, eguzkia ilargia eta lurra erabat lerrokatuta daudenean gertatzen da. Gaur, hilaren 12, ilargiak egiten duen itzala lurraren gainetik pasako da, eta gu itzalaren azpian egongo gara.
Zer du berezi gaurkoak?
Urtero gutxienez bi eguzki eklipse egoten dira lurreko puntu desberdinetan, baina honen berezitasuna itzala gure gainetik pasako dela da eta hau duela 100 urte ez zen hemen gertatzen.
Donostiatik ikusgai izango al da?
Ilargiak duen itzalak bi zonalde ditu: iluna, umbra izenekoa, eta penumbra ez hain iluna. Umbraren azpian daudenek eklipse osoa ikusiko dute. Donostia penumbran dago, horregatik, hemen partzialki ikusiko da. Hala ere, umbraren mugan gaudenez, %99,74 estaliko da.
Noiz gertatuko da fenomeno astronomikoa?
Eklipsea 19:30ean hasiko da, une horretan, ilargiaren diskoak eguzkiaren diskoa ukituko du, baina osotasuna 20:27an izango da. Eklipsea bukatuko da eguzkia mendebaldetik sartzen denean, 21:20ak aldera, eta eklipsea guztiz bost minutu geroago amaituko da.
Nola ikus dezakegu modu seguruan?
Segurtasunari dagokionez, eguzkirantz zuzenean begiratzen dugun bakoitzean beti betaurrekoekin egin beharko dugu. Hauek homologatuak ( ISO-12312-2 dutenak) baldin badaude ez dago eguzkira zuzenean begiratzeko arazorik. Beste edozein egunetan eguzkiari begiratzeak duen arrisku bera du eklipse honek.
Hala ere, eguzkia soilik begiratzen badugu, eklipse erdia galtzeko arriskua dago, izan ere, inguruan gertatzen diren aldaketak sentitzea oso interesgarria da; baina garrantzitsuena disfrutatzea da, bizitzan behin gertatzen baita hau.
Zer nabarituko dugu iraun bitartean?
Bi ordu horietan, inguruan argitasuna eta tenperatura asko jaitsiko direla nabarituko dugu baina, partziala denez, aldaketa hauek ez dira oso agerikoak izango.

