Ilargia eta Eguzkia, ia aurrez aurre
Eklipsea ez zen erabatekoa izan Donostian.Joseba Parron San Sebastian Heldu da eguzki eklipsea eta etorri den moduan joan ere. Ilunabarra baino bi ordu lehenego, 19:30ak aldera, hasi da eklipsearen fasea, ia ordubetera nabaritu bada ere. 20:28an jo du goia Donostian, aurrez aurre zeudela Eguzkia eta Ilargia, nahiz eta hemendik ikusita, iluntasunak ez duen argia osorik ez estali. Berehala, ordea, berriro argitzen hasi da.
Hilabetetan barra-barra entzun da bere berri, bereziki, data gerturatzen ari zela, ugaritzen joan baita fenomeno astronomikoari eskainitako tartea, bai hedabideetan baita kalean ere. Kezka nagusiak bi izan dira: betaurreko homologatuak eskuratzea eta eklipsea ondo ikusteko leku bat topatzea. Kostaldea aukeratu dute herritar askok, baita Urgull, Ulia edota Igeldo ere.
EITBek Saguesen aurrera eraman du Eklipsearen gaua ekitaldia, eta itsasertzeko petrila jendez beteta zegoen, Zurriola pasealeku osoko baranda bezala, eta hondartzan ere jendetza bildu da. Ordua hurbildu ahala zabalgunean gero eta jende gehiago zegoen, asko, mendi alderantz begira, eguzkia bizkarrean zutela, eklipsea bertan jarri duten pantailan ikustea nahiago izan dutelako.
Makala DJ-ak girotu du itxaronaldia eta aurkezle batek eklipsearen bilakaeraren berri eman du, baita segurtasun ohartarazpenak errepikatu ere, haien berri ez zuen norbait edo “despistaturen” bat bazen inguruan, nola jokatu jakin zezaten. Are gehiago, betaurreko homologatuak ere banatu dituzte.
Ilargia Eguzki aurrean jarri denean, txaloak eta oihuak entzun dira, baina harridura eta etsipena nahasten zuten zenbait iruzkin ere, unea laburregia izan delako eta ez delako zenbaitek espero zutena izan. Espektatiba kontua izango da.

