Piratek eta Sarek helmuga beraren aldeko mobilizazioa egin dute
Danborrada piratak bidea zabaldu zion manifestazioari. Joseba Parron San Sebastian Xibaroak kofradiak antolatuta, ohikoa izaten da presoen aldeko kartelada Aste Nagusi Piratan. Aurten, ordea, lehen aldiz, Sarerekin batera manifestazioa egin dute. Atzo arratsaldean, Flamenkatik abiatuta, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleetan barrena egin zuten euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko mobilizazioa. “Bat egiten dugu pirata, xibaro, senide zein gipuzkoarrok, gehiegi luzatu den eta gehiago ezin luza daitekeen auzi baten konponbidearen alde”, adierazi zuten amaieran irakurritako idatzi bateratuan.
Urte luzez sufrimendua eragin duen auzia helmugara eramateko “nahia eta beharra” dutela nabarmendu zuten. Iaz zigorra erregimen itxian betetzen ari ziren presoak hemezortzi baziren ere, aurten zortzi baino ez dira. Etxeratze prozesuan asko aurreratu dela “ukaezina” bada ere, oraindik egitekorik badela berretsi dute.
Halaber, iheslari eta deportatuak ere gogoan izan zituzten; izan ere, aurten bi iheslari hil baitira lau hamarkada erbestean eman ondoren. Halako “muturreko” egoerei konponbidea “ahalik eta lasterren” ematea funtsezkotzat jo zuten.
Datozen hilabeteak “erabakiorrak” izango direla uste dute eta helburua lortu arte lanean jarraituko dutela adierazi zuten: “Helmuga eskuratu arte, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratu arte”.
Jarraian, Joseba Parron San Sebastianek mobilizazioan egindako zenbait argazki:

