Tutik Clowns (Gari, Montxo eta Joselontxo): 30 urte algarak sortzen
Tutik Clowns pailazo taldeak 30 urte betetzen ditu aurten eta Aste Nagusian ikuskizun berezia egingo dute gaur, Katalunia plazan, 19:30ean.
Artxiboko argazkia.Tutik Clowns Tutik Clowns (Gari, Montxo eta Joselontxo) pailazo hirukoteak gaur egingo dute haien Aste Nagusiko ikuskizun berezia, taldearen 30. urteurrena ospatzeko. Betidaniko pailazoen umore horrekin barre egin nahi duena gaur 19:30ean Katalunia plazara joateko gonbidatu dute pailazoek, hori bera delako bertan topatuko duena: betiko umorez zipriztindutako barre eta algarak. IRUTXULOKO HITZAk Garirekin hitz egin du, eta honakoak kontatu ditu:
Hiru hamarkada daramatzazue Tutik Clown taldearekin. Zer aldatu da gehien pailazo munduan 30 urte hauetan?
Ez nuke esango funtsezko gauza askorik aldatu denik. Aldatu dena gauza bat da: haurren adina asko jeitsi da. Lehen gure saioetara etortzen zen adina 12 urtetara iristen ze, orain askoz ere txikiagoak dira. Ez da berez ez duela funtzionatzen edo haurrak koskortzen direnean ez dutela ikusi nahi, baizik beste faktore batzuk daudelako. Erakargarriagoak diren beste gauzak: mugikorrak, bideojokoak eta halako gauzak… Horregatik esan dizut hasieran ez zela gehiegi aldatu, noizbehinka adin horretako umeak etortzen dira, eta orain dela 30 urte bezain ondo pasatzen dute.
30. urteurrena ospatzeko Aste Nagusian ikuskizun berezia egingo duzue. Zer nolako ikuskizuna prestatu duzue?
Gure beste ikuskizunen mota berdinekoa da. Gure ikuskizunak, normalean, esketx komiko ezberdinetaz hornitutako ordubeteko saioak dira, ez da berez ildo jarraia duena, baizik hiru pailazoen artean gauzak gazotzen dira eta gertakari horietan esketx desberdinak egiten ditugu. Esketx hauetako gehienak, zirkuko pailazo errepertorioko esketxak dira, hau da, orain dela 100 urte egiten zirenak dira, gaurkoratuak eta beste erritmo batekin.
Larunbatean aurkeztuko ditugun esketx batzuk gure ibilbidean aurretik egindako batzuk dira, arrakasta handia izan dutelako. Beste batzuk berriak izango dira.
Aste Nagusian plaza eta kaleak jendez betetzen dira. Zer sentitzen duzue pailazo gisa, Aste Nagusian, halako ikuskizun bat egitean?
Guretzako ez da lehen aldia Donostiako Aste Nagusian ikuskizuna egiten duguna, baina hiri eta herrietako festetan ikuskizuna egiteko deitzen gaituztenean, guretzako alde batetik izugarrizko poza eta ohorea da. Bestetik, jendetza etortzen da gu ikustera. Bertan giro oso polita suertatzen da eta hori oso eskertzekoa da.
«Antzekotsun handia dago gure pertsonaien eta gure pertsonen izaeran»
Lehen zuen ikuskizunak ikustera zetorrenik, eta orain haien seme-alabekin etortzen direnik ikusi al duzue?
Bai, orain dela gutxi gertatu zitzaigun, eta konturatu nintzen gizon bat lehen bera txikia zenean etortzen zela eta bere seme-alabekin etorri zen gure ikuskizuna ikustera. Urte asko dira, guk hemen jarraitzen dugu, eta gauza asko gertatzen dira 30 urtetan. Oso pozgarria eta eskertzekoa da.
Zuen lana barre eginaraztea da, baina zein da zuen artean barre gehien egiten duena?
Nik esango nuke agian Joselontxo dela. Azken finean egiten ditugun pertsonaiak eta garen pertsonak, oso antzekoak dira, harreman estua daukate. Joselontxo, bere bizitzan gehien gozatzen duena eta barre gehien egiten duena bera dela esango nuke.
Seguraski, gero Montxo izango da hurrena, bere izaeragatik ere beste modu batera hartzen dituelako gauzak. Eta ni, neu naizela aurpegi zuriduna, beti arrazoia eduki nahi duena, besteak bideratu nahi dituena, bizitzan ere banaiz pixka bat horrelakoa. Saiatzen naiz bizitzan barre egiten e, asko gustatzen zait. Bai, antzekotsun handia dago gure pertsonaien eta gure pertsonen izaeran.

