Donostia Arraun Lagunakek Euskotren liga eskuratu du laugarrenez segidan
Donostia Arraun Lagunak-eko kideak Pasaiako estropadaren amaieran.Aitor Arrizabalaga Donostia Arraun Lagunak-ek bere bosgarren liga eskuratu du asteburuan, jarraian laugarrena. Asteburu bakarraren faltan, Lugañenea ontziak jokatutako estropada guztiak irabazi ditu, hamalautik hamalau, eta denboraldia garaipen guztiak lortuta amaitzea du helburu, orain arte inork erdietsi ez duena. Zarautzen asteburuan jokatuko den estropada bikoitzean du historian arrastoa uzteko aukera.
Larunbatean, Pasai Donibanen zortzi segundo atera zizkion bigarren izan zen Tolosaldeari, eta hamalau, berriz, jarraian heldu zen Oriori. Gainera, eremuko marka berria ezarri zuen: 10.27,66. Liga eskuratu bazuen ere, atzo, Getarian ez zuten erritmoa moteldu. Han ere, azkarrenak izan ziren Donostia Arraun Lagunakeko arraunlariak. Uneoro aurretik joan baziren ere, bigarren txandan aritutako Astillero gertu izan zuten, izan ere, bigarren denbora onena egin zuen, ohorezko txandako gainerakoek baino hobea.
Sailkapenaren goiko aldea ebatzita, behekoan dago lehia, Donostiarra eta Zumaia artean. Aurretik gelditu zen Bantxa trainerua larunbatean, zazpigarren sailkatuta, hirugarren izan zen Oriorekin bi segundoko tartea besterik ez zuela. Igandean, Donostiarrak Hibaikarekin izan zuen lehia, errenteriarrek gutxigatik lortu zuten aurre hartzea. Zumaiak, berriz, azken postuan amaitu zuen eta Donostiarrak haren gainetik dago, zortzi puntu gehiagorekin.
Sailkapen nagusiari dagokionez, buruan dago Donostia Arraun Lagunak, 112 punturekin, eta 28 puntuko aldea du bigarren den Tolosaldearekiko. Donostiarra, berriz, zazpigarren postuan dago 38 punturekin.

Eusko Label ligan, Donostiarrako mutilek asteburua orekatua izan dute. Bigarren txandan aritu zen Pasaiako badian, eta azkarrena izan zen, bereziki, itzulerakoan olatuak aprobetxatuta, tartea zabaldu zuelako. Bosgarren izan zen sailkapen orokorrean, estropada, berriz, Oriok poltsikoratu zuen. Esaldi horrekin laburbildu daiteke Getarian atzo gertatutakoa: emaitza bera errepikatu zuten. Aldeak izan ziren, ordea. Donostiarrak bigarren txandan lehiatu zuen, baina sailkapen orokorrean bigarren izan zen Hondarribia gailendu zitzaion.
Sailkapen nagusian, seigarren tokian daude Donostiarrako mutilak 115 punturekin, txapelduna den Oriok, aldiz, 169 puntu ditu.

