Ligaxkako azken partidak jokatuko dituzte bihar eta etzi Antiguako frontoian
Antigua Pilota Txapelketaren aurkezpena Miramar Jauregian egin dute.Antiguako Pilota Txapelketa Antiguako Pilota Txapelketa azken txanpan sartuko da, izan ere, ligaxkako azken bi jardunaldiak bihar eta etzi jokatuko dituzte. Finalerdietarako azken txartelak jokoan daude eta tanto bakoitzak berebiziko garrantzia izango du.
Bihar, hilak 18, promesetan, Ibarra-Canseco eta Beitia-Goiburu bikoteen arteko partidak hasiko du jaialdia. Bi bikoteek garaipen bana dute eta multzoko lehen postua jokoan. Elite mailan, berriz, Irribarria-Garaño eta Apaolaza-Elorz izango dira aurrez aurre, multzoko bigarren postua eta finalerdietarako txartela eskuratu nahian. Lehen postuak badu jada jabea: Lizeaga-Balerdi, matematikoki sailkatuta daude finalerdietarako multzoko lehen postuan.
Etzi, hilak 19, aldiz, promesetan, Nazabal-Leonet eta Sarasibar-Ormaetxea nor baino nor ariko dira. Lehen bikoteak irabaziz gero, bi garaipenekin multzoko lehen postuan sailkatuko dira, eta Ramirez-Azpetegia bigarren. Sarasibar-Ormaetxea gailenduz gero, ordea, hiru bikoteen arteko berdinketa gertatuko da, denek garaipen eta porrot bana izango bailukete, eta, hala bada, tanto aldeak erabakiko du.
Tanto diferentzia, gako
Elite mailako azken partidan ere egoera oso antzekoa da. Oihan Etxeberria-Unax Apeztegia eta Iker Egiguren-Julen Sotil aurrez aurre ariko dira. Lehen bikoteak irabaztekotan, lehen postuan sailkatuko da bi garaipenekin, eta Cestau-Bernaola bikotea izango da bigarren. Egiguren-Sotilek gailenduz gero, ordea, hiruko berdinketa sortuko litzateke eta hemen ere tantoen gorabeherak ebatziko du sailkapena.
Ligaxka amaituta, datorren astean ekingo diote finalerdiei, eta emakumezkoen lau bikoteak ere orduan sartuko dira lehian. Lehen jardunaldian Etxegarai-Mendiburu eta Arraiza-Gaminde izango dira aurrez aurre; bigarrenean, berriz, Salsamendi-Agirre eta Zabaleta-Capellan. Jaialdi bakoitza promesen eta elite mailako gizonezkoen finalerdiekin osatuko da. Hiru finalak, berriz, hilaren 29an, larunbata, 11:00etan hasita jokatuko dituzte.
Antolatzaileek nabarmendu egin dute publikoaren erantzuna. Orain arte Antiguako frontoian jokatutako partida guztien sarrerak agortu egin dira eta giro bikaina sortu da harmailetan.

