Hamabost 'perla' Zinemaldiko publikoaren sariaren lehian
Nanni Morettik iaz Donostian filmatu zuen 'Succederà questa notte' filmaren zati bat. Hamasei filmek osatzen dute 74. Zinemaldiko Perlak saila, eta gehienak lehiatuko dira Donostia Hiria publikoaren saria eskuratzeko. Film gehienak Cannesen ikusgai izan dira eta, besteak beste, Urrezko Palma, zuzendari onenaren ex aequo sariak, eta bai emakumezko bai gizonezko aktore onenen sariak irabazi dituzte. Beste bost lanak, berriz, Venezia, Berlin, Sundance eta halako jaialdi batzuetatik igaro dira. Lehiaz kanpo, Olivier Nakache eta Eric Toledanok zuzendutako Juste une illusion lanak itxiko du saila. 1985ean girotua, Vincent Parisko aldirietan bizi da anaia zaharra eta eguna borrokan pasatzen duten gurasoekin. 13 urte betetzear da eta bizitzako zalantza handiei buruz galdetzen dio bere buruari.
Hasi, berriz, Andrey Zvyagintsev zinemagile errusiarraren Minotaur filmak egingo du. Egungo Errusian, enpresari arrakastatsua den Greb, presio korporatiboen eraginpean dago eta mundua gero era ezegonkorragoa denez, bere bizitza gainbehera hasi eta indarkeriara bultzatuko du. Claude Chabrolen La femme infidèle/The Unfaithful Wife filmaren egokitzapen librea da.
Sundancen publikoaren saria eta sari nagusia eskuratu eta Berlinen lehiaketan parte hartu ondoren, Beth de Araujo zinemagile estatubatuarrak bere bigarren film luzea dakar: Josephin. Bortxaketa bat ustekabean ikusi ondoren neskato bati geratuko zaion trauma islatzen du.
Bi animazioazko film izango ditu sailak. Batetik, Astérix: Le Domaine des Dieux eta Astérix: Le Secret de la Potion Magique animaziozko filmak Alexandre Astierrekin batera zuzentzeagatik ezaguna, Louis Clichy animatzaile frantsesak bakarka zuzendutako bere lehen lana erakutsiko digu: Le corset / Iron Boy. Animazio tradizionalarekin sortua, Cannesko Un Certain Regard atalean Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen lan horrek, bai eta Epaimahaiaren Sari Berezia eta Publikoaren Saria Film Luze Onenari ere Annecyko jaialdian.
Bestetik, Lea Nelsonek zuzendutako Tangles. Kanadiarrak zuzendutako lehen film luzea da, Cannesen Emanaldi Berezi gisa estreinatua. Filmak Kanadako jaioterri kontserbadorera ama alzheimerduna zaintzera itzuliko den emakume gazte baten istorioa kontatzen du. Han, ikasi egingo du bere familia bitxia eta amaren buru narriadura onartzen.
Bere debuteko lana ekarriko dute zenbait zuzendarik. Jordan Firstman idazle, ekoizle eta aktore estatubatuarrak Club Kid erakutsiko du. Pelikularen zuzendaria izateaz agin, protagonista ere bada. New Yorkeko jaietako sustatzaile baten istorioa kontatzen digu: protagonistaren bizitza, gehiegikeriaz betea, aldatu egingo da ustez bere semea den 10 urteko haur bat ezagutzen duenean.

Kamera aurrean eta atzean dago Olivia Wilde ere The Invite pelikulan. Zuzendu duen hirugarren lanak bikote bizitzaren une desberdinetan sor daitezkeen arrakalak eta gatazkak zuzenean lantzen dituen satira, egoera-komedia eta drama uztartzen ditu. Sundancen erakutsi ondoren, Wilde Donostiara itzuliko da Seth Rogen, Penelope Cruz eta Edward Norton aktoreekin batera, bere garaian Don’t Worry Darling bigarren filma aurkeztu baitzuen.
Lukas Dhont zinemagile belgikarrak ere bere hirugarren filma Coward erakutsiko du Donostian; Emmanuel Macchia eta Valentin Campagne aktoreek gizonezko aktore onenaren saria jaso zuten, ex aequo, Cannesen, filmean egindako lanagatik. I. Mundu Gerran borrokatu eta maitemindu egiten diren bi soldaduren papera jokatzen dute.
Virginie Efirak eta Tao Okamotok emakumezko aktore onenaren saria lortu zuten, ex aequo, Cannesko jaialdian, Ryusuke Hamaguchi zuzendari japoniarraren Soudain / All of a Sudden filmean egindako lanagatik; bertan, bi adiskidek kapitalismoaz eta haren gizagabetasunerako soluzioaz hausnartuko dute.
Na Hong-jin zuzendari hegokorearra lehenengoz izango da Donostia Zinemaldian Hope pelikularekin. Akzioz eta umorez beterik dago filma, eta Michael Fassbender eta Alicia Vikander ditu protagonista, bi estralurtar. Film luze berri hori Canneseko lehiaketa ofizialean hautatu zuten.
John Malkovich, Sam Rockwell eta Steve Buscemi aktoreez osatuta dago Martin McDonaghen Wild Horse Nine-ren aktore zerrenda. Sari ugari jasotakoa da zinemagile britainiarrak, baita Zinemaldian ere. Besteak beste, Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filmarekin Publikoaren Saria jaso zuen, baita bi Oscar ere film berarekin, eta film onenaren Golden Globe saria lortu zuen, halaber, The Banshees of Inisherin filmarekin.
Veneziako Mostran estreinatu ondoren, Nanni Moretti zuzendari eta aktore italiarrak Succederà questa notte / It Will Happen Tonight aurkeztuko du Zinemaldian, iaz haren zati bat Donostian filmatu zuen. Eshkol Nevo idazlearen Hungry Heart / Lev Raev kontakizunen bilduman inspiratua, Louis Garrel eta Jasmine Trinca ditu protagonista filmak.
Perlak sailak, halaber, Cannesko aurreko edizioan film onenaren Urrezko Palma irabazi duen Fjord ere barne hartuko du. Bertan, Cristian Mungiu zinemagile errumaniarrak Sebastian Stan eta Renate Reinsve zuzendu ditu. Bi senar-emazte errumaniar-norvegiar oso erlijioso dira protagonistak, eta urrutiko fiordo batean kokatutako herri batera joango dira bizitzera, baina bikotearen hezkuntza metodo tradizionalek hango komunitatearen susmoak piztuko dituzte.

Pawel Pawlikowski poloniarra gerraosteko Europara itzuliko da Fatherland filmarekin, Ida (2013) eta Zimna Wojna / Cold War filmekin hasitako bidetik. Poloniarraren azken filmak zuzendari onenaren saria beretu zuen, ex aequo, Cannesen. 1949n girotua, Nobel saria jaso zuen Thomas Mann idazlearen eta haren alaba Erika aktore, idazle eta rally pilotuaren arteko harremanean dago zentratuta. Biek errepidez bidaiatuko dute erortzear den Alemanian zehar.
Rami Malek, Tom Sturridge eta Luther Ford antzezleak dira The Man I Love filmeko protagonistak; Ira Sachs zuzendariaren lan berriak underground artista bat du protagonista, une erabakigarri bati aurre egin beharko diona 1980ko hamarkadaren amaierako New Yorken.
Film horiez guztiez gain, Javier Ambrossi (Madril, 1984) eta Javier Calvoren (Madril, 1991) La bola negra obra ere bilduko du Perlak sailak. Nabarmentzekoa da Cannesen zuzendari onenaren saria eskuratu zuela ex aequo sail honetan bertan ikusi ahal izango den Pawel Pawlikowskiren Fatherland filmarekin.

