25 urte jostailu bonba batek Maria Francisca Eraunzetamurgil hil zuenetik
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimei Donostian egindako omenaldietako bateko artxiboko irudia. 25 urte bete dira gaur, hilak 20, Donostiako indarkeria kasu latz eta misteriotsuenetako bat gertatu zenetik. Hain zuzen ere, 2001eko abuztuaren 20ko goizean, urte hartako Aste Nagusia bukatu berritan, jostailu bonba batek eztanda egin zuen Parte Zaharreko Aldamar kalean, Maria Francisca Eraunzetamurgil Alkorta 62 urteko donostiarra hilez eta hamasei hilabeteko biloba Jokin Galarraga larriki zaurituz.
Bi egun lehenago, norbaitek jostailuzko auto bat utzi zuen Parte Zaharreko Txioka tabernako komunean, eta inor haren bila ez zihoala ikusita, tabernako arduradunak langileetako bati oparitu zion. Langilea Galarraga haurraren izeba zen, eta, hain zuzen ere, abuztuaren 20 hartan bere amarekin (Maria Francisca Eraunzetamurgil), ahizparekin eta bi ilobekin zegoen, Aldamar kalean, Opel Corsa auto batean.
Eraunzetamurgil, hamasei urteko biloba besoetan zuela, jostailuzko autoa irekitzen saiatu zen, eta horrek barruan ezkutatuta zuen lehergailua eztandarazi zuen. Leherketak zauri larri bat eragin zion Eraunzetamurgili lepoan, eta anbulantzia iritsi zenerako, odolustuta hil zen. Galarraga larriki zauritu zuen eztandak, itsu utziz; haren 4 urteko Pello anaia ere zauritua izan zen leherketan.
Argitu gabe
Jostailuzko autoa bolboraz beteta zegoen, eta sistema elektriko bat zuen, martxan jartzerakoan leherrarazteko prestatua. Lehergailua jostailu batean eta leku publiko batean utzi izanak erakusten du arduradunak edonori mina emateko asmoa zuela, edonork hartu baitzezakeen jostailu hura, eta, jostailu bat izanik, aukera asko zeuden haur batek hartzeko.
Euskal kasuan izan diren bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen udal argazkiak. Donostia 1960-2010 dokumentu ofiziala, Eusko Jaurlaritzak 2015ean argitaratutakoa, da Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak bere jardunerako oinarri gisa erabiltzen duen dokumentu nagusia. Bertan jasota dago Eraunzetamurgilen hilketa, Behar beste argitu ez diren kasuak atalean. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren ikerketak ondorioztatu zuen jostailua bolbora sartzeko manipulatua izan zela, baina ezin izan zuten kasua inoiz argitu, eta, noski, ez du inork ordaindu krimen horrengatik.
Aipaturiko dokumentuan jasota dagoenez, ezker abertzaleak “gerra zikinari” egotzi zion, hasieratik, gertakaria, baita zentzu horretan manifestazioak antolatu ere. Mariano Rajoy orduko Espainiako presidenteorde eta barne ministroak,aldiz, “kale-borrokari” egotzi zion gertatutakoa. AVTk, Covitek eta ABC Especiales gehigarriak, bestalde, ETAren biktimatzat hartu zuten Eraunzetamurgil, nahiz eta ETAk hasieratik ukatu zuen bonba hori jarri izana. Halaber, familiak beren minarekin alderdikeriaz jokatu izana gaitzetsi zuen eta, azkenik, Ertzaintzaren ikerketek “arrazoi politikoak” baztertu zituzten. Kasuak, aldiz, argitzeke jarraitzen du.

