Nazabal-Leonet eta Etxeberria-Apeztegia, multzoko lehen postutik finalerdietara
Partida ikusgarriak izan ziren asteazkenean Antiguako frontoianAntiguako Pilota Txapelketa Antiguako Txapelketako ligaxkak amaiera ikusgarria izan zuen atzo, eta finalerdietan sartuko da datorren astean, txapelaren bila jarraitzen duten bikoteekin. Finala, hilaren 29an izango da.
Promesetan, Nazabal-Leonetek 22-12 irabazi zieten Sarasibar-Ormaetxeari. Gorriek kontrolpean izan zuten neurketa zati handi batean, urdinak eusten saiatu baziren ere, ez zuten aurkariei benetako arriskua sortzeko jarraikortasunik izan. Gorriek hainbat huts egin zituzten, eta horrek markagailua neurri batean orekatu zuen, baina ez zuen partidaren norabidea aldatu. Hala, multzoko lehen postuan sailkatu dira finalerdietarako, eta Ramirez-Azpetegia bigarren postuan.
Elitean, berriz, Etxeberria-Apeztegiak 22-21 gainditu zuten Egiguren-Sotil. Ikusleek txapelketako partidarik onenetako batez gozatu ahal izan zuten. Lau pilotariek maila bikaina erakutsi zuten, erritmo handiko eta huts gutxiko partidan. Aipatzekoa, Etxeberriak sekulako partida jokatu zuen: bi eskuekin pilota mugitu, tantoa prestatu eta amaitzeko gaitasun handia erakutsi zuen.
Azken txanpan emozioa gorenera heldu zen, Etxeberria-Apeztegia 21-18 aurretik jarri ziren, baina Egiguren-Sotilek ez zuen amore eman. Hiru tanto jarraian eginda, 21-21eko jarri zuten markagailuan. Azken tantoan eztabaida izan zen, Apeztegiaren mozketa bat ontzat eman baitzuten epaileek eta hala iritsi zen 22-21eko behin betiko emaitza. Etxeberria-Apeztegiarekin batera, Cestau-Bernaola sailkatu dira finalerdietarako.

