Profeten bozgorailu
Natxo de Felipe, Arantzazun, Musika Hamabostaldiko emanaldian.Orain.eus Arantzazuk, haitz artean eraikitako dorre espiritualak, beti izan du profetikotik ugari. Arrazionalista sakrotzat jo genezakeen santutegi abangoardista diseinatu aurretik lur haietan Rodrigo Balzategi artzainak ama birjinaren irudi bat topatu izanak berak inplizituki atxikia zeraman, ondoren tenpluak herriarentzat mendez mende izango zuen garrantziaren profezia boteretsua. Batizinio gune ere izan zuen Euskaltzaindiak Urbiako zelaipean kokatzen den gune totemikoa. 1968ko urrian, ez augurio txar eta kontrako jarrera gutxiri aurre egin gabe, hantxe piztu zen guztiontzat erabilgarria izango zatekeen euskara batu baten txinparta. Eta profeta ahots sendoz ongi hornituaren gisan, Arantzazuko korutik ekin zion duela urtebete Natxo de Felipek Donostiako Musika Hamabostaldiak tenpluan urtero egin ohi duen kontzertuko bere kolaborazioari. Organo hots zerutiarrek –organo hark konponketa behar zelestial izateko– lagundurik, hala kantatu zigun 2025 hartan: ene bihotza nola, nola daiteke kontsola?
Lehen interbentzio haren eta atzoko bere kontzertu osoaren artean, ugaria izan da gertatua. Batetik, iazkoa. Atzo publikoan presente zen Xabi Zeberiok –Oskorri talde mitikoaren parte hau ere– gonbitatuta, De Felipek lehen ahapaldi horretaz gain, taldearen errepertorioko Aita gurea eta Mode eskaini zizkigun, entzuleak iturri zahar bezain beti eguneratutik edateko egarriz utzita. Patrick Alfayak luzatu ei zion aldarearen ezker aldeko atetik barna kokatzen den sakristian, aurtengoan Arantzazukoa berak ontzeko gonbita. Alfaya azken urteotan jakitun da Lucio Muñozen erretaulapean egiten denak oihartzun berezia izan ohi duela, eta zita hau baliatu behar duela Hamabostaldiak bere esparru propiotik ateratzeko eta gizartean bere izena beste modu batera zabaltzeko. Erabaki ona, beraz, euskal musikaren totem baten itzulera bilatu nahi izana. Oskorriren abeslariak, azken hamar urteotako isilaldia argudiatuta edo, muzin egin zion hasieran donostiarren proposamenari. Euskadiko Orkestrako atriletan diharduen semea, Xabier de Felipe, arrapaladan joan zitzaion baina aitari, horrelako zita bati ihes egitea pekatu mortala zela esanez. Eszenatokira atera bezain pronto aita-semeek partekatutako besarkadak argi erakutsi zigun gauaren berezia bientzat. Urtebete lehenago, bihotza nola datekeen kontsolatua izan galdetzen zuenak altzoan zuen emazte Begoren oraingo ausentziak are espezialago bilakatzen zuen arratsa. Hala hasi zen kontzertua, bego Bego gugan.
Zabal eta zintzoa behar zenean, leun eta gozoa intimitatean. Arantzazura bide ematen duten eskailerak bajatuta eskaini ziguten letren liburuxka bidaide bikain gertatu zitzaigun entzuleoi
Zenbaezina da Oskorrik bere garaian argitaratutako kanta kopurua. Urte luzez emankorra izan zen ibilbidean, dozenaka diskotan sakabanatutako abesti asko bilakatu dira belaunaldien igaroan, ereserki eta klasiko. Natxo de Felipek, idazten duen honentzat kriterio onez, izkin egin nahi izan zion atzoko kontzertua prestatzean, beti ahotsean izan dituen musikak eta letrak berpizteari. Berak elkarrizketa batean aipatu gisan, matraka dezentekoa eman ostean, fase berri batean da artista eta gorputzak eskatu dio kaxoien tiraderei heltzea, barruan zer aurkituko gosez. Abandonatutako kantei –alboratuei, inoiz ez baita abandonatzen zeuk barrendik sortua– egin zaie leku Arantzazun, Xabier de Felipe biolin joleak gidatutako hari laukotea altzoan zuelarik Philipek. Philiperena Kuartetoa –bere haurtxoak, oholtzan esan lez– Przemyslaw Pujanek, Esther Alba eta Karmele Castillok osatzen dute, aipaturiko Xabierrez gain. Irakurtzerakoan exotikoagoa zaigun abizena daraman poloniar konpositore eta biolinistak transformatu ditu behin itsas ertz lehorren, diskoaren portu onera iritsi ezinda, Natxok laga ei zituen melodiok.
Gaua ekiterako sumatu genituen arazotxo tekniko batzuk eta arratsaren espezialak berak denei inposatzen zien urduritasun erabat ohikoak behin pasatuta, abeslariaren kantagintza oparoaz gozatu ahal izan genuen Eulateren beiren erreflexu koloreztatuen konpainian. Zeinen emari ondradua Natxoren ahotsean. Zabal eta zintzoa behar zenean, leun eta gozoa intimitatean. Arantzazura bide ematen duten eskailerak bajatuta –zeruratzeko, jaitsiera lehenik– eskaini ziguten letren liburuxka bidaide bikain gertatu zitzaigun entzuleoi. De Felipek bidelagun izaniko idazle, olerkari nahiz bertsolarien testu aparten trazak zeuden han inprimatuta, hizkuntza hainbatetara itzuliak. Kantautoreak ezinbestekoa du hitzaren esku hartze kalitatezkoa, kantak zerbait nahi badu izan, behintzat. Antton Valverdek musika jarria zion Lauaxetaren Itauna olerki sortaren bertsio propioa izan zen gaueko lehen perla. Valverdek Lauaxetaren bizkaiera jatorrizkoan abestuak, euskara batura ekarri dituzte orain. Euskalkien erabilera, hizkuntzaren aberastasuna fonetikoki enplegatua eta euskararekiko zaintze hori nabarmenak izan ziren kontzertu osoan.
Arnaud Oihenarte, XVII. mendeko idazle zuberotarraren Aspaldian nabilela testua musikatu izanak erakutsi zigun gaueko protagonistak olerkari zahar zein berrien testu galdu edo ahantziak berreskuratzeko beti izandako antsia. Kiskil Kaskail hitz joko esperimentalagoak bide eman zion gaueko beste nabarmendu beharreko bati: Arkaitz Estibellesen hitzetan oinarritutako Izan nahi nuke. Erritmo latinoak laukotean, De Felipek gozo laztandu zituen bertso bakoitzaren azken lerro parean. Aurrera zihoan gauak oraindik opari zenbait zizkigun gordeak. Bata, Paco Ibañez handiak idatzitako kanta ezagun baten itzulpen benetan ederra: Hitzak Juliarentzat. Natxo barnerakoiago bat hemen, sentimendua oholtzara aterea, fin. Sorozabalen Debako Martxa-ren deseraikitze instrumentalak –laukotea fin aritu zen bere paper laguntzailean nahiz intermezzo instrumentaletan– ireki zuen azken tartea, 2025ean jada, historia guzti hau hasi aurretik, koruko zelosia artetik abesten zen errepika berarekin amaituz berau: ene bihotza nola, nola daiteke kontsola?
Arantzazu, beti bide eta argi. Profeten ahotsarentzat, abagune eta bozgorailu.

