Altzairua eta plastilina
Vincenzo Capezzutoren kontzertua, Txillida Lekun.Musika Hamabostaldia Batek aspaldidanik behatzen du tentuz, kontzertu bat edo beste entzutera joan hautatzean, berau non egingo den. Garrantzi berebizikoa eskaintzen baitiot ekitaldiak marko izango duen lekuari. Edozer gauza edozein lekutan entzuteak –eskutik baso bat eskegita ez bada behintzat– ez dit inolako inbidiarik sortzen. Musika kontzertuena, sinetsita nago, badela esperientzia bide bat, ez soilik errepertorio konkretu bat berpizteko une zehatz bat. Gauzak horrela, Arantzazuko haitz artetik lanbrope betean probintziaren bihotzera –gure Azpeitira, bai– jaitsi ostean, ostiralean prest nintzen beste santutegi artistiko ezin bereziago bat bisitatzeko. Izan ere, azken urteotan ohikoa du Donostiako Musika Hamabostaldiak bere programazioaren zati bat, kontzertu parea normalean, Eduardo Txillida eskulturagile donostiarrak Hernaniko lurretan onduriko utopia ttipian eskaintzea. Hiriaren altzoan eta errepide ertzean egonagatik ere, beste erritmo bital batean blaituta sumatzen dugun Txillida Lekun, hain zuzen ere.
Nioen kontzertu lekuarena, ederra delako ordubete lehenago hara gerturatu, tokiak berak —izan santutegi, museo edo zelai– eskaintzen dizunaz patxadaz gozatu eta behin atmosfera horrekin bat eginda, musika jasotzeko prestatzea. Halaxe egin zuen kronista honek ere, Zabalaga baserrira sartzerakoTxillidaren lanei bisita nahitaezkoa eginda. Zuhaitz sendo baten tankera du museoak, inaugurazio egunean zeukan itxurarekin dirau bere enborrak baina beti dago lekua azal aldaketarentzat. Eskultura berriren bat, han edo hemen, urtaro aldaketek soro gainean lagatako hosto bakanen tankeran. Ez da edozer gauza Txillida Leku, benetan da prodijioa gisako gune natural, baketsu eta artez hornitua Gipuzkoan bertan izatea. Behin Joaquin Montero eta artista donostiarrak tentuz eraberritu zuten Zabalaga etxe tzarrera sarrera eskaintzen duten altzairuzko ate latzak igarota, proposamen musikal berezia genuen zain baserria bitan banatzen duen horma bitartekoaren oinean dagoen arkuaren parean. Garai batean ohikoagoa zen kontzertuak arku horren aurrean kokatzen den tapiz edo grabitazio handiaren parean egitea. Arkuak badu bere mistika baina Txillidaren lan bat teloi eta aterpe gisa edukitzeak beste indar bat zuen, enetzat.
Alemanaren dikzio garbiago bat faltan bota genuen, baita balantze dinamiko neurtuagoak eta soiltasun germaniko zorrotzago bat. Aritu nintzen pentsatzen: Bach zale amorratua zen Txillidak, zer pentsatuko zukeen bertsio hauek entzunda?
Kontuak kontu, lekuaz haratago ere, musikala zen han egotearen arrazoia. Ahots ezin bereziagoa aurkeztu zigun Vincenzo Capezzuto italiarra izan zen gaueko protagonista, garaian dantzaria izan eta orain arlo bokalean zentraturik dabilen artista poliedrikoa. Berari laguntzeko, gitarra fin eta oso gustagarri baten kordak laztantzen, Giancarlo Bianchetti musikaria. Arratseko programak Around Bach izenburua zeramala ikusita, pentsatu zitekeen batek guztia Leipzigeko maisuari oda izango zela. Baina ez, konpai. Bach eta Vivaldiren arteko mestizajea esploratu ei zuen italiarrak. Garaiz garaikideak, bi maisu handiak ez ziren elkar ezagutu inoiz, egiaz. Baina are egiagoa da, biek ala biek elkarri begiratu ziotela erretrobisoretik. Bachek Vivaldiren bizitasuna eta kolorea plasmatu ei zituen Brandenburgoko Kontzertuetan. Eta Vivaldik, ziurrenik, alemaniarraren arkitektura eta zorroztasun formala desira zituen bere musikarentzat.
Ondoren etorriko zenaren baitan buruturiko inprobisazio batek irekitzen zuen kontzertuaren atal bakoitza, esan dezagun. Aipatu gisan, nabarmentzekoa iruditu zitzaidan gitarra joleak oholtzari emana. Gitarrak berak, laguntzaile gisa, badu lirika berezi bat, pianoa edo beste instrumentu batzuen aldean desberdina. Flexibleagoa agian, Erdi Aroko kutsua, erabat. Capezzutok ezpainak banatu bezain pronto, bere tinbrearen berezitasunaz jabetu ginen Zabalagako habe egurrezkoen babesean geundenok. Eskolastikotik ezer ez duena, ia bibratorik enplegatzen ez duena. Popetik gertuago kokatuko nukeen, klasikotik baino, begira. Dramaturgia aldetik, abesten zuen oro transmititzeko gaitasun handia duela sumatu genion segituan. Badu enpatia eszenikoa, publikoarekiko. Eta horrexek salbatu zion gaua, ene ustetan. Idazten duen honentzat, Bachen ariei eskainitako airea –oso pertsonala, hori ezin uka–, maisu alemaniarraren lanek izan behar luketenetik oso urrun kokatzen zen. Alemanaren dikzio garbiago bat faltan bota genuen, baita balantze dinamiko neurtuagoak eta soiltasun germaniko zorrotzago bat. Aritu nintzen pentsatzen: Bach zale amorratua zen Txillidak, zer pentsatuko zukeen bertsio hauek entzunda?
Egia da Vivaldiren esparruan, odol mediterraneoa jada zainetan, askoz hobekiago ikusi eta entzun nuela. Hor bai bazegoen lekua teatralitate handiago baterako, plastilinaren pare moldatzeko musika. Baina Bach altzairua da, Txillidaren piezen tankeran. Malgutzeko, sutegi oso baten lana behar da. Arindu daiteke, baina ez da arina. Gauari amaiera emateko, nabarmentzekoa Alberto Ginasteraren Al árbol del olvido kanta zoragarria. Dena berriz hasteko botoiari saka eta abeslari honek, zeinak dantzari gisa Buenos Airesen urte zenbait igaro zituen, errepertorio latinoamerikarrarekin –Ginastera, Revueltas, Marquez eta beste– osatutako programa eskainiko baligu?
Agian, bestelakoa izango zatekeen kronika.

