Dijon garaile, 31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketan
31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketako final handiko une bat.Beñat Parra Bukatu da 31. Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa, eta Dijon taldea izan da irabazlea (25-30). Larunbat arratsaldean jokatu dute final handia, emakumezkoena, Dijonek eta Bera Bera talde donostiarrak, auzoko kiroldegian. Aurten, gainera, IRUTXULOKO HITZA lehiaketako babesleetako bat izan da.
Partida bizia izan da hasiera-hasieratik, oso parekatua eta maila handikoa. Dijongoak —bertako gisa jokatu dute finala—, ordea, lehenengo zatian zehar aurretik jarri dira, eta Bidebietako taldeak ez du lortu markagailuari buelta ematea, etengabe saiatu bada ere. Hain zuzen ere, 13-17 bukatu da lehenengo zatia eta, azkenean, 25-30-eko markagailuarekin itxi dute norgehiagoka bizia.
Final handiaren aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatu dute Beti Onak taldeak eta La Riojak, eta errioxarrak izan dira garaile: 15-17. Bestalde, gizonezkoetan, joan den astean jokatu zuten hiruko txapelketa, eta Touluse izan zen garaile, Torrelavegaren eta Logroñoren gainetik.
Jarraian, Dijonen eta Bera Beraren arteko final handiko irudi bilduma:

