Ez dute liga behar bezala hasi
Realaren eta Betisen arteko partidako une bat.Reala Ligaren hasierara fitxaketarik egin gabe iritsi izanak urduri zituen realzale asko, eta are urduriago egongo dira gaur, segur aski, talde txuri-urdinak Betisen aurka galdu baitzuen ostiral iluntzean La Cartuja estadioan: 1-0.
Ez zen ez saiatzeagatik izan, ordea, golak egiteko ahalegin nabarmenak egin baitzituzten Matarazzoren mutilek. Punteria faltatu zitzaien, bereziki, Oskarssonek edukitako bi gol aukera argitan. Eta, jakina den moduan, aukera argiak barkatzea arriskutsua da eliteko futbolean.
Hain zuzen ere, lehen zati parekatu eta bizi baten ostean, erritmo biziagoarekin atera zen zelaira Betis bigarren zatian, eta bere gola egitea lortu zuen. 62. minutuan izan zen, Riquelmeren jaurtiketa on baten eskutik.
Realak ez zuen etsi eta gol aukera oso argiak eduki zituen hurrengo minutuetan, baina ez jokalariek ez zuten asmatu. Fitxaketarik gabe edo fitxaketekin, Matarazzok badu zer landu taldearekin; azkar landu beharko du, ordea, asteazkenean Real Madrilen etxean jokatuko baitute.

